Nahia Quincoces igoera bertikalean. Argazkia: naciomuntanya.cat
Asteburuan, urtarrilaren 24an eta 25ean Munduko mendi eski kopako bigarren proba puntuagarria jokatu da Font Blanca Arcalis-en (Andorra). Nahia Quincoces Altuna Mendexako mendi eskiatzaileak bertan parte hartu du.
Zapatuan, 1.500 metro inguruko lasterketa bertikala bete behar izan zuen mendexarrak. Oso proba teknikoa izan zen, bost igoeragaz eta lau jaitsieragaz. Quincocesek berak nabarmendu duenez, ez zuen proba onik egin. Izan ere, “nahikoa urduri eta azkar irten zuen”, eta horrek eragina izan zuen emaitzan. 19. amaitu zuen 2 ordu, 45 minutu eta 59 segundoko denboragaz.
Domekan, ostera, “arreta gehiagogaz eta lasaiago” irten zuen Quincocesek. 730 metroko igoera bertikala seigarren amaitu zuen; 35 minutu eta 53 segundoko denbora behar izan zituen helmugaratzeko. Asteburuko bi probak amaitu ostean, pozik geratu da.
Hurrengo proba asteburuan izango du, euskal kopako lehen proba puntuagarrian. Otsailaren 5etik 12ra, aldiz, Suitzan egingo den mendiko eski mundialeko parte hartuko du.