Joan den domekan debutatu zuen Munitibarko
Aitor Irusta pilotariak Aspe enpresagaz Eibarko Astelehena frontoian. Profesionaletara salto eginda, bi urteko kontratua sinatu du aurten munitibartarrak aipatu enpresagaz, eta ibilbide horri hasiera ezin hobea eman dio. Izan ere, Mendizabal III bikote hartuta, garaipenagaz bueltatu zen domekan etxera Irusta, Jaka eta Tolosa menpean hartuta.
Domekako partidan «nahikoa urduri» egon zela aitortu du Munitibarkoak, «tentsio handiagaz». Hala ere, Mendizabalek egindako lan «handiari» laguntzea lortu zuen, «pilota asko jo barik, baina huts asko egin barik». Hala, markagailuan 22-13 bukatu zen domekakoa, eta, horregaz «oso pozik» agertu da bertoko pilotaria. Poztasun horretan, gainera, Munitibarko herriak zein ingurukoek sortutako giroak lagundu zuela azaldu du.
Urtarrilaren 31n (domeka) edukiko du hurrengo partida Irustak, eta, horretan «lasaiago» jokatuko duelakoan dago.