Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak. Durangaldeko esku pilota txapelketako finalistak. Argazkia: Peio Urionabarrenetxea
Durangaldeko esku pilota txapelketako lau finaletara ailegatu ziren Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak, eta garaipen bi lortu dituzte. Markel eta Anartz alebin mailako txapeldunak izan dira eta Albizu eta Kirri nagusien mailakoak.
Barikuan jokatu zuten finala, nagusiek, Berrizen, Leako pilotarien aurka. Markina-Xemeingo bikotea lehen momentutik jarri zen aurrean, eta nahiz eta 10 tantura berdindu zuten, aurretik jarraitu zuten Albizuk eta Kirrik, eta azkenean 22 eta 16 irabazi zuten partida.
Leako bikotea izan zuten bai eta ere aurkari alebinek. 10 tantuko bi partida jokatu zituzten Berrizen, zapatuan, eta bietan Markina-Xemeingoak izan ziren nagusi.
Beste final bietan ez zuten zorterik izan. Kadete mailan Durangoren kontra jokatu zuten Markina-Xemeingo pilotariek, baina ez ziren ohi duten mailan ibili, eta beraz, txapelak durangaldean geratu ziren.
Benjaminetan ere atarian geratu zen garaipena. 10 tantura arteko bi partida jokatu zituzten Markina-Xemeingo eta Mañariako pilotariek. Lehenengo partida Mañariak irabazi zuen, bigarrena, berriz, Markina-Xemeinek. Horrela, berdinketa apurtzeko hirugarren norgehiagoka jokatu zuten pilotariek, eta azken horretan Mañaria izan zen garaile. Beraz, azpitxapeldun geratu ziren Markina-Xemeingo jokalariak.