Euriari aurre eginda ospatu dira jaiak
Munitibarren eta Aulestiko Narea auzoan «pozik» pasa dituzte San Bizente jaiak. Umeentzako antolatu diren jokoetan nahikoa jende ibili dela nabarmendu dute antolatzaileek.Munitibarren zein Aulestiko Narea auzoan San Bizenteak ospatzen ibili dira.Muni...
Munitibarren eta Aulestiko Narea auzoan «pozik» pasa dituzte San Bizente jaiak. Umeentzako antolatu diren jokoetan nahikoa jende ibili dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Munitibarren zein Aulestiko Narea auzoan San Bizenteak ospatzen ibili dira.Munitibarren, esate baterako, asteburu osoan jaietan murgilduta egon dira. Hain zuzen ere, bariku iluntzeko txokolatadagaz hasi zituzten ekimenak. Txokolatadaren ostean, Iñake Irastorzak, Ana Elordik eta Ramon Agirrek 100 m2 antzerkia eskaini zuten udal aretoan.
Emanaldiagaz herritarrak gustura geratu ziren, baina jaien antolatzaileen esanetan, barikuan ez zen jende gehiegirik ibili. «Egia esan, herriko jende gehiago espero genuen. Antzerkian nahikoa jende batu zen, baina gero jendea etxera erretiratu zen».
Zapatuan, eguraldia lagun, jende gehiago elkartu zela nabarmendu dute jaien antolatzaileek. Goizeko Irria Parkean eta arratsaldeko zirku tailerrean umeak pozik ibili ziren. Arratsaldean egin zen mus txapelketan, berriz, hamasei bikotek parte hartu zuten, eta gauean gaztetxeak antolatu zuen musika emanaldiagaz herritarrak gustura geratu ziren.
Domeka goizean, Goienerrek antolatutako birziklapenari buruzko Ezagutu ezazu gaur egungo eredu energetikoaren alternatiba hitzaldian «espero baino jende gutxiago egon zen». Iluntzeko Izaki Gardenak musika taldearen emanaldiagaz amaitu ziren aurtengo sanbizenteak. Kontzertu polita eskaini zuten udal aretoan.
Narea auzoan ere, gustura
Aulestiko Narea auzoan, ostera, zapatuan ospatu zituzten jaiak. Arratsaldera arte, ez zuen euririk egin, eta nahikoa jende batu zen goizean eta eguerdian egin ziren ekimenetan. Auzotarren esanetan, eguerdi inguruan «giro ederra» egon zen. «Jende asko ibili zen goizean zein eguerdian».
Umeentzako jolasekin hasi zuten eguna. Beti-betiko jolasetan olgetan ibili ziren herriko txikieneak; uztai jokoa, txokor batzea eta zaku lasterketak egin zituzten, hurrenez hurren.
Jolasen ostean, zaldi demak egin zituzten. Berez, Illunzar tabernako Perla zaldiak eta Aitor Alzaren Beltz zaldiak egin behar zituzten probak, baina arazo batzuk medio, parte hartu behar zuten zaldiak beste bi izan ziren. «Hasiera batean guk pentsatuta genituen zaldiek ezin izan zuten proba egin. Azken orduan aldaketak egin behar izan genituen», azaldu dute antolatzaileek.
Azkenean, Aulestiko Ana Mari Uriarteren Rubio-k eta Markina-Xemeingo Patxua tabernako Itsu-k egin zuten proba. Narea auzoko harri zaharragaz 20 minutuko proba egin ondoren, Aulestiko zaldiak irabazi zuen. Ana Mari Uriarteren Rubio-k 72 untza egin zituen, eta Markina-Xemeingo Patxua tabernako Itsu-k, aldiz, 70 untza.
Arratsaldean, aldiz, euria hasi zuen, eta «jende gutxiago» ibili zen karta jokoetan. Briska txapelketan hamazazpi hirukotek eta mus txapelketan hamalau bikotek parte hartu zuten. «Ordu berean Munitibarko jaietako mus txapelketa izan zen, eta hori ere igarri egin zen. Beste urte batzuetan baino jende gutxiagok parte hartu du karta jokoetan».
Museko txapeldunek txapela eta dirua jaso zituzten oroigarri legez, eta briskako txapeldunek, ostera, zapia eta dirua. Berriatuko Altxuk eta Mazok irabazi zuten Narea auzoko mus txapelketa.
Gauean ari zuen eguraldi txarra eta hotza igarri egin ziren. Izan ere, antolatzaileek Mirari eta Aintzaneren erromerian jende gutxiago ibili zela nabarmendu dute. Hala ere, «auzorako nahikoa jende ibili zen».