Herriz herri jokatzen hasi da Euskal Herriko VII. Mus Txapelketa
Ispasterren, Ondarroan eta Bermeon jokatu dituzte kanporaketak. Zapatuan egongo dira partidak Markina-Xemeinen, Lekeition, Aulestin, Gizaburuagan eta MendexanEuskal Herriko VII. Mus Txapelketa martxan dago, eta herriz herri jokatzen ari dira kanporaket...
Ispasterren, Ondarroan eta Bermeon jokatu dituzte kanporaketak. Zapatuan egongo dira partidak Markina-Xemeinen, Lekeition, Aulestin, Gizaburuagan eta Mendexan
Euskal Herriko VII. Mus Txapelketa martxan dago, eta herriz herri jokatzen ari dira kanporaketak. Lea-Artibai eta Busturialdeari dagokionez, momentuz, Ispasterren, Ondarroan eta Bermeon jokatu dituzte kanporaketak, eta beste herri batzuetako datak ere zehaztuta daude. Horrela, zapatuan jokatuko dira Lea-Artibaiko beste kanporaketa guztiak. Markina-Xemeingo Uhagonen, Aulestiko Ilunzar tabernan, Gizaburuagako Herrikoan, Mendexako Gure Kabian eta Lekeitioko Guzurmendi tabernan egongo da jokatzeko aukera.Herriz herriko kanporaketa guztiak jokatuta, otsailaren 21ean eta 22an izango dira herrialdetako kanporaketak: 21ean Bizkaikoa (Barakaldon), Gipuzkoakoa (Alegian), Nafarroa Garaikoa (Iruñean), Lapurdikoa (Urruñan), Arabakoa (Eskuernagan) eta Baxe Nafarrokoa (Lartzabalen). Azkena Zuberoakoa izango da, otsailaren 22an Urdiñarben.
Aurten gainera, finala, Lekeition jokatuko da, martxoaren 7an. Egun osoko ekitaldia izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Merkatu plazako goiko aldean egingo dute jokoan bazkalordura arte, eta sailkatzen diren hamasei bikoteek Barandiaran aretoan jokatuko dute finala, arratsaldean.
Euskal Herriko zazpi herrialdetako edonork parte hartu dezake txapelketan. Bere herrian antolatzen den lekuan izena eman edo agertzeagaz eta bikoteko 20 euro ordaintzeagaz nahikoa du. Iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotan jokatu zen txapelketako lehen kanporaketa, gutxi gorabehera 4.000 pertsonek parte hartu zuten.
Sariak
50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan, eta parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Finaleko txapeldunek txapel eta garaikurrez gainera, 3.000 euro eta lau lagunentzako nazioartera bidaia bat irabaziko dute Karibera, dena barne. Txapeldunordeak garaikurrak, 1.500 euro eta bi lagunentzako bidaia lortuko dute Kanariar Uhartera. Hirugarren bikote sailkatuak 750 euro eta asteburuko egonaldia irabaziko ditu eta laugarren geratzen direnek 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula. Hamaseigarren bikotera artekoek sari txikiagoak lortuko dituzte.