Ongietorri beroa, zapatu hotzean
Dakarretik bueltan, herriaren berotasuna sumatzeko aukera izan du Txomin Arana moto gidariak; Loiuko aireportuko ongietorria nahikoa ez, eta Ereñon batu ziren zapatuan helburu beragaz hainbat motorzale.Moto gainean eta 19 zenbakiagaz. Hala agertu zen ...
Dakarretik bueltan, herriaren berotasuna sumatzeko aukera izan du Txomin Arana moto gidariak; Loiuko aireportuko ongietorria nahikoa ez, eta Ereñon batu ziren zapatuan helburu beragaz hainbat motorzale.
Moto gainean eta 19 zenbakiagaz. Hala agertu zen Txomin Arana Ereñoko moto gidaria zapatuan, txaloz hartu zuen jende artera; bera lehenengo, eta gainontzekoak atzetik. Moto hotsa eta erregai usaina, konfetiz girotutako herriko plazan.Iazko euriteetatik ihesik, ostarteek hartu zuten nagusitasuna zapatuan. Tenperatura baxuak, gainera, ez ziren aitzakia nahikoa izan Ereñoko plazan bildutakoak etxean geratzeko. Herrikoek bertakoek, eskualdekoek zein ingurukoek egin zuten bat egun horretan Aranari ongietorri beroa emateko.
12:30ean puntuan, gogotsu zeuden bidearen alde batean zein bestean herritarrak Arana noiz iritsiko zain. Moto urdinaren gainean iritsi zen orduan ereñarra; behetik plazaraino. Eta atzetik jarraitu zioten hainbat eta hainbat motorzalek.
Aurreskua egin zion dantzari batek ondoren, eta, udaletxeko balkoira atera zen segidan. Ereñoko alkate Joseba Zarragoikoetxeak eman zion Aranari hitza, eta, azken horrek herriak erakutsitako laguntza eskertzeko aprobetxatu zuen orduan. Bitartean, dozenaka lagun zeuden balkoira begira.
Udaletxeko atetik atera bezain pronto, hainbat umegaz topo egin zuen moto gidariak udaletxeko atarian bertan. Argazkiak eta paperak zituzten eskuetan, Aranaren autografoen zain.
Bazkaltzeko ordua ere iritsi zen Ereñoko Arita-Berri jatetxean. Jangela bete zuten Aranaren lagun, familia eta gertukoek, guztira, 300 bat lagun bilduta.
Bazkalostean, sariak jasotzeko unea iritsi zitzaien Roberto Arrieta Pipi mekanikariari eta Aranari berari. Moto gidariaren lagunek egindako bideo emanaldiaren ostean, dantza eginez igaro zuten gaua, musikaren laguntzagaz. Hala jarraitu zuten hainbatek jaialdiari amaiera jarri zioten arte.