Quincocesek maila ona erakutsi du Andorran egin diren probetan
Asteburuan Munduko mendi eski kopako bigarren proba puntuagarria jokatu da Font Blanca Arcalis-en (Andorra). Nahia Quincoces Altuna mendi eskiatzaileak ere bertan parte hartu du.Zapatuan, 1.500 metro inguruko lasterketa bertikala bete behar izan zuen m...
Zapatuan, 1.500 metro inguruko lasterketa bertikala bete behar izan zuen mendexarrak, sekulako haizeagaz. Azken orduan, gainera, haizea zela eta, antolatzaileek lasterketa ibilbidea aldatu behar izan zuten.
Arcalis-en egindako proba oso teknikoa izan zen, bost igoeragaz eta lau jaitsieragaz. Quincocesek berak nabarmendu duenez, ez zuen proba onik egin. Izan ere, «nahikoa urduri eta azkar irten zuen», eta horrek eragina izan zuen emaitzan. 19. helmugaratu zen 2 ordu, 45 minutu eta 59 segundoko denboragaz.
Haize gutxiagogaz
Domekan, ostera, «arreta gehiagogaz eta lasaiago» irten zuen Quincocesek. Domekan ere haizeak zakar jotzen zuen, baina zapatuan baino gutxiago.
730 metroko igoera bertikala egin behar izan zuen Arinsal-en. Seigarren amaitu zuen; 35 minutu eta 53 segundoko denbora behar izan zituen helmugaratzeko, Laeticia Roux irabazleak baino 2 minutu eta 33 segundo gehiago.
Mundialetarako prest
Asteburuko bi probak amaitu ostean, pozik geratu da eskiatzaile mendexarra.
Hurrengo proba asteburuan izango du, euskal kopako lehen proba puntuagarrian. Otsailaren 5etik 12ra, aldiz, Suitzan egingo den mendiko eski mundialeko probetan parte hartuko du.