Durangaldeko txapelak lortu ditu esku pilota taldeak
Alebin eta nagusi mailetan izan dira nagusi. Barikuan eta zapatuan jokatu zituzten finalak, Berrizen. Lea taldeko jokalariak eduki zituzten aurkariDurangaldeko Esku Pilota Txapelketako lau finaletara ailegatu dira Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko p...
Alebin eta nagusi mailetan izan dira nagusi. Barikuan eta zapatuan jokatu zituzten finalak, Berrizen. Lea taldeko jokalariak eduki zituzten aurkari
Durangaldeko Esku Pilota Txapelketako lau finaletara ailegatu dira Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak, eta garaipen bi lortu dituzte. Markel eta Anartz alebin mailako txapeldunak izan dira, eta Albizu eta Kirri nagusien mailakoak.Barikuan jokatu zuten finala, nagusiek, Berrizen, Leako pilotarien aurka. Markina-Xemeingo bikotea lehen momentutik jarri zen aurrean, eta 10 tantora berdindu zuten arren, aurretik jarraitu zuten Albizuk eta Kirrik. Azkenean, 22 eta 16 irabazi zuten partida Markina-Xemeingo taldekoek.
Leako bikotea izan zuten bai eta ere aurkari alebinek. 10 tantoko partida bi jokatu zituzten Berrizen zapatuan, eta bietan Markina-Xemeingoak izan ziren nagusi. Markelek eta Anartzek jantzi zituzten aurtengo irabazleen txapelak.
Azpitxapeldun
Beste final bietan, berriz, ez zuten zorterik izan Markina-Xemeingoek. Kadete mailan Durangoren kontra jokatu zuten, baina Josu eta Aimar ez ziren ohi duten mailan ibili, eta beraz, txapelak Durangaldean geratu ziren. Eta benjaminetan ere atarian gelditu zen garaipena. 10 tantora arteko bi partida jokatu zituzten Markina-Xemeingo eta Mañariko pilotariek. Lehenengo partida Mañarik irabazi zuen, bigarrena, berriz, Markina-Xemeinek. Horrela, berdinketa apurtzeko hirugarren norgehiagoka jokatu zuten, eta azkenengo horretan Mañaria izan zen garaile. Beraz, ahaleginak ahalegin, azpitxapeldun geratu ziren Markina-Xemeingo taldeko jokalari Mikel eta Ekain.