“Nola imajinatzen duzu etorkizuneko Berritxu?”, galdera hori luzatu die Berriatuko Bilduko ordezkariek herritarrei. Horren aurrean, datozen egunetan herriko bideo gelan egingo diren batzar zabaletan parte hartzeko gonbitea egin diete. “Denon artean hauteskundeetarako aurkeztu beharreko programa osotuko dugu”, gaineratu dute.
Zehatz esateko, hiru batzar egingo dira:
- Otsailak 5, eguena, 19:00etan (bideo gelan): Ingurugiroa, hirigintza eta herriko garapenaz eztabaidatzeko batzarra.
- Otsailak 12, eguena, 19:00etan (bideo gelan): Parte hartzea, parekidetasuna eta ongizate gaiei buruz eztabaidatzeko batzarra.
- Otsailak 14, zapatua, 10:30ean (bideo gelan): kultura, hezkuntza, hizkuntza eta kirola jorratzeko batzarra.
Batzarretan luntxa, kafea eta pastak egongo direla gaineratu dute Bilduko ordezkariek.
Bestalde,
hauteskundeetara aurkeztuko den zerrenda osotzeko herritarren parte hartzea eskatu nahi izan dute Bildukoek. “Horretarako, herritarrek beraien buzoietan jasoko dute orri bat. Horretan, bakoitzak norberarentzat egokiak diren hiru hautagairen izena idatzi beharko ditu”. Orriak udaletxean ipiniko den buzoi batetara botatzeko aukera egongo da. “Egiten diren batzar zabaletan ere orriak entregatzeko aukera egongo da”, gaineratu dute.
Bildukoen esanetan, buzoi horretan jasotzen diren emaitzetan oinarrituz erabakiko da zerrendaren proposamena.