‘Zohardia’ dokumentala proiektatuko dute domekan Etxebarriko kultur aretoan
Etxebarriko Etx kultur elkarteak antolatuta, Zohardia dokumentala proiektatuko dute otsailaren 1ean (domeka), 18:00etan, kultur aretoan. Proiekzioa doan izango da eta herritarrei bertara gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek.
Dokumentalak Josu Muguruza Herri Batasuneko diputatu zenaren bizitza errepasatzen du. Lander Iruin eta Markel Andia zuzendarien esanetan, dokumentalak Muguruzak zuen kazetari izaera eta Euskal Herriarekiko konpromisoa azpimarratzea ditu helburu. «Muguruzaren kontzeptua aldatu nahi du dokumentalak; laburra izan bazen ere, Muguruzaren ibilbide politikoa islatzen du ikusentzunezkoak».
Dokumentalean Egin egunkariko langile izandakoek parte hartzen dute: Mertxe Aizpurua, Teresa Toda, Martin Garitano eta Iñaki Altuna.
Muguruzaren bizitza. Muguruza Bilboko Errekaldeberriko auzoan jaio zen. Deustuko Unibertsitatean Pedagogia ikasten hasi ondoren, ikasketak hasi eta Euskal Herriko Unibertsitatean kazetaritza ikasi zuen. Ordurako euskara ikasia zuen eta Abertzale Sozialisten Komiteko militantea zen. 1981ean, poliziak bere neskalaguna zen Elena Bartolome atxilotu ondoren Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen.
Erbestean egondako denboran AEK-ko irakasle izan zen Baionan. Horrez gain, Gure Irratian poesiari buruzko programa bat zuzendu zuen eta Egin egunkariko korrespontsala izan zen. 1984an Errefuxatuen Komiteko antolatzaileetako bat zen GALen urterik odoltsuenetan. Egin-en astero zutabe bat idazten hasi zen, Zihordia ezizena erabilita.
1984ko azaroan Tasio Erkizia ordezkatu zuen Madrilgo gorteetan Herri Batasuneko diputatu moduan. 1989ko azaroaren 20ean, Madrilgo Alcala Hotelean bere alderdiko beste kide batzuekin parlamentuko lana prestatzen ziharduela, armaturiko bi lagunek tiro egin zioten eta hil egin zuten. Heriotza, Euskal Herrian greba orokorrerako deialdia sorrarazi zuen.
Bost urte lehenago Santiago Brouardekin gertatu bezala, erailketa egiteko aukeraturiko eguna ez zen kasualitatea izan. Francisco Franco eta Primo de Riveraren heriotzak gertaturiko egun bera izan zen.