Diskurtso autobiografikoei buruzko ikastaroa egongo da Ondarroako Etxelilan
Diskurtso autobiografikoak euskal literaturan ikastaroa egingo da otsailaren 6an eta 7an Ondarroako Etxelilan, Ondarroako Udal Berdintasun Sailak antolatuta. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute. Etxelilako arduradunek jakitera eman dutenez, oraindik izena emateko aukera dute herritarrek gaur.
Iratxe Retolaza literatura irakasleak gidatuko ditu bi saioak. Gaurko saioa 17:00etatik 21:00etara izango da eta biharkoa 10:00etatik 14:00etara. Besteak beste, ikastaroan ondoko galderak erantzuten saiatuko direla aurreratu dute Etxelilatik: ” Nolako diskurtso autobiografikoak garatu dira euskal literaturan? Nola baloratu eta interpretatu izan dira ekarpen autobiografiko horiek? Egilearen genero-eraikuntzak eraginik izan al du autobiografia horien harreran?”.
Aurreko ikastaroetan egin modura, Etxelilak haurtzaindegi zerbitzua eskainiko die parte hartzaileei, Txirrimorraskiren eskutik.
Asteon egingo den ikastaro horrez gain, otsailaren 12an, eguena, erlaxazio eta gorputz kontrolaren inguruko tailerra egongo da, 17:30ean, gazteleraz. Tailer hori, hain zuzen ere, asteon egin behar zen baina arrazoi ezberdinak tarteko, atzeratu egin da. Horretan ere aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da. Tailerra gazteei zein helduei zuzenduta dagoela gaineratu dute Etxelilakoek.
Ekimena Boga-Boga elkarteak antolatuta dago eta Soraya Vegak gidatuko du.