HITZAk jakin ahal izan duenez, bertsolaria gaur (otsailak 6) hil da, 87 urterekin.
Mutrikun 1928an jaiotako bertsolari ezaguna zen Okelar. Izen bereko baserrian bizi zen. Bertsolari bezala bere saio gehienak sagardotegi eta elkartetan izan zituen, askotan
Jon Azpillagarekin baina baita ere
Patxi Etxeberria,
Jon Mugartegi, Nikolas Zendoia eta beste hainbatekin. Felix Ibargutxiren hitzetan “bertsolaritza zaharreko azken maisu handietako bat zen Okelar.” 2012an bere bertsogintzari buruzko liburua argitaratu zen. Lan horren sarreran horrela dio
Pello Esnalek: “Izan ere bertsolari maitagarria bada, horixe da Roman Maiz, Okelar bertsolaria. Eta norbaiten bertsoek plazaratzea merezi badute Okelarren bertsoek merezi dute”.
Mutrikurentzat eta herritarrentzat, orokorrean,
galera handia izan da Okelarren heriotza. «Herri mailan oso pertsona maitatua zen. Udalarentzat, bertso eskolarekin batera, ohore bat izan da hainbat urtetan Okelar bertso sariketa antolatzea. Pertsona herrikoia eta apala zen. Bertsoak botatzerako tankeran ikusten zen zer moduko pertsona zen; beti modu goxoan abesten zuen, inori minik eman gabe», azaldu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak.
Bertsolari eta pertsona fina zela nabarmendu dute Mutrikuko bertso eskolako kideek. «Adarra joko zizun, baina sekula ez zuen inongo hitz txarrik. Mutrikun egon diren beti-betiko bertsolariak Okelar anaiak izan dira. Romanek, esate baterako, baserriko hainbat esamolde erabiltzen zituen bere bertsoetan, oso ona zer horretan», adierazi du Xabi Astigarragak.
Zapatuan, esate baterako, auzoetan egin beharreko santa eskea bertan behera utzi zuten dolu modura. «Ikusita berak santa eskea martxan egotea nahiko lukela, bi taldetan banatuta, herrigunean abestu genituen koplak», gaineratu du Astigarragak.
Zapatuan egin zen hileta elizkizunean herritarrek azken agurra eman nahi izan zioten Okelarri. Santa eskean ari zirenen artetik pasa zen hilkutxa, eta elizkizunean bere lagunek hainbat bertso eskaini zizkioten. Narbaizak hurrengoa eskani zion:
Eskuan makila bat
begirada horman
Santa Eskerako beti
zeunden zu hor forman
sakonean sakona ta
pikaroa broman
herriak ondo daki
diodana nor dan
egin duzunagatik
mila esker, Roman.
Meza ondoren, Gure Ametsa dantza taldeko bi dantzarik Agurra dantzatu zuten hilkutxaren aurrean eta herriko lau koplarik santa eskeko agur koplak kantatu zituzten. Era berean, trikiti doinuak, koplak eta koruko kantuak entzun ziren Goiko Plazan.