Herritarrak mozorroak janzten hasi dira eta bateko eta besteko bazterrak originaltasunez zipriztindu dira. Aulestin, esaterako, barikuan, eskolako umeek, irakasle eta gurasoek lagunduta, eguerdian atera ziren kalejiran. Plazan dantza egin eta herriko giroa piztu dute.
Zapatuan ere jai giroa izan zen nagusi Aulestin. Aulestin ere giroa izan zen nagusi barikuan zein zapatuan. Aurten, gainera, aulestiarrek estreinako ospatu zituzten inauteriak zapatuan. Euriagaz eta hotzagaz ere, herritarrek ez zuten galdu nahi izan urteroko hitzordua. Kalejira egin eta Gregoritxu kanpandorretik jaitsita, herria kolorez jantzi zen. Mozorro lehiaketan lau sari banatu zituzten: taldekako bat eta hiru bakarkakoak. Taldekakoa Mariano jatetxea irudikatu zuen taldeak eroan zuen. Bartolo eta Maritxuren ezkontza egin zuen taldeak, Aroa Arratek eta Lurdes Pereak bakarkako sariak eskuratu zituzten.
Mutrikun ere barikuan hasi ziren inauteriak, eskoletako umeen eta Pikomelatosen kalejirarekin. Beheko Plazan amaitu zen kalejira eta plaza bete-bete egin zen.
Zapatuan, Zubixa Libre plataformak antolatutako bazkaria girotsua izan zen. Ia 80 lagun batu ziren eta ondo pasatu zutela esan dute antolatzaileek. Iluntzean, ostera, giroa gehiago berotu zen. Izan ere, Eskuetan abestiarekin flashmob-a egin zuten herritarrek. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, flashmob-a bi aldiz egin zuten, “Beheko Plazako giroa ona zelako”.
Ondarroan, zapatuan hasi zen jai giroa, Lantzoi jaunari ongietorri emanaz. Turrun hotsak iragarrita irten zuen arrain handiak kalejiran, eta euria ari bazuen ere, mozorrotutako herritarrek ez zuten Lantzoiari ongietorria emateko aukera galdu nahi izan.
Ohitura zaharrari eutsi diote Markina-Xemeinen
Aratusteek indartsu jarraitzen dute Markina-Xemeinen. Horrela, euriari aurpegi ona jarri eta gogotsu atera ziren kalera markina-xemeindarrak, domekan. Goizeko kalejirarik ez zuten egiterik eduki, baina, arratsaldeko aterraldia aprobetxatu zuten, kalez kale dantzan eta jai giro alaian ibiltzeko.
Aurten ere originaltasuna eta parte hartzea izan dira nagusi, eta epaimahaiak ez zuen mozorrorik onenak aukeratzeko erabakia erraz eduki. Herriko merkatari elkarteak eman zituen sariak, iluntzean. 17 urtetik beherakoetan bakarka sari bakarra egon zen, eta bera Amaia Unamunorentzat izan zen Veneziako karnabaletako mozorroagatik. Talde handietan berriz, Correosek eraman zuen sari nagusia eta Piratak eta Egipziarrak bigarrena eta hirugarrena.
17 urtetik gorakoetan Errege Leoiarentzako izan zen banakako sari nagusia. Eurobisioak eta October Fest-ek lortu zituzten, berriz, hurrengo biak.
Taldeen mailan, bost sari banatu zituzten merkatari elkartekoek, eta nagusia Rocio bidekoentzat izan zen. Aurtengo mozorro dotore eta landua saritzeagaz gain, taldearen 25 urtetako ibilbidea ere goraipatu zuten. Izan ere, 25 urte daramate mozorrotzen, hutsik egin barik, eta hainbat sari ere irabazi dituzte mozorro landuak prestatu eta aratuste jaian jarritako giroagatik.
Beste talde batzuk ere gogoz datozela erakutsi zuten domekan, esate baterako, Txotxongiloek. Bigarren saria eraman zuten, paperean sartuta dantzan ibili ziren eta egun osoan herriko kaleetan. Joaldunentzat izan zen, ostera, hirugarren saria, Oz Magoak eraman zuten laugarrena eta Indiarrak bosgarrena.
Sarituez gain, beste hainbat mozorro ere ikusi ziren kalean: Dali eta bere musa, Shaun arditxoen abesbatza, Zerutxuko dantzariak, Kartak, gerlariak, pailasoak, super heroiak, hadak, Malefica…Ume eta gazte, handi eta txiki, aratusteetako ohiturari eutsiz mozorrotuez bete zen eta herria.
Domekan, zelan ez, ez ziren falta izan Hartza eta Zaragi dantza. Zerutxu dantza taldeko txikienek aspaldiko dantza dotoreagaz egin zuten estreinua. Plazabarripearen aterpean egin zuten dantzan txikiek eta gaztetxoek, hartzak panderoaren doinuagaz dantzan egin eta ikusleak beldurtzen zituen bitartean.
Kiroldegiko kantxan elkartu ziren eguerdian mozorrotutako asko eta asko. Gero eta herritar gehiagok aukeratzen du, dagoeneko XATeri esker ohitura bihurtzen ari den bazkarian parte hartzea. 500 lagun inguru batu ditu aurten, aratusteetako herri bazkariak.
Antzarak, eztabaidara
Bestalde, antzaretako eztabaida ailegatu da Markina-Xemeinera ere. Aurten, antzar jokoa egin da, baina bere etorkizuna eztabaidatzear dago. Antzar jokue, ondo pasetako animalixak hil? galdetzen zuen pankarta atera zuten kalera herritar batzuek. Plastikozkoak erabiltzea, ez egitea edo berdin jarraitzea… Iritzi ezberdinak daude kalean, baina, momentuz, erabakia hartzeko dago. Beraz, lasaitasun osoz ospatu zen antzar-jokoa domekan. Bost parte hartzaile egon ziren, eta hiru antzarei burua kenduta IƱaki Armaolea izan zen irabazlea. Xabat Arrate geratu zen bigarren antzar biri lepoa kenduta, eta Joseba Artaetxebarria hirugarrena izan zen lepo bakarragaz. Guztira sei antzar jarri zituzten; azken aurrekoaa gogorrena. Bosgarren antzarari lepoa kentzea asko kostatu zitzaien zaldi gainekoei, zintzilik ere geratu zen Urko Pagoaga, baina, ezin. Horrela, 21 minutuz egon zen antzarra sokan.
ARGAZKI GALERIA eta INFORMAZIOA EGUNERATZEN JOANGO GARA.
[nggallery ID=223]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.