Munduko kopan 15. postuan dago Quincoces
Italian jokatu den Munduko kopako hirugarren proba puntuagarria eta gero, sailkapen nagusian 15. postuan dago Nahia Quincoces. Jokatu diren zazpi probetan 163 puntu lortu ditu; 63 puntu bakarkako hiru probetan, 31 puntu abiadurako bi probetan eta 69 pu...
Mendi eskiko elitean dabiltzan eskiatzaileak Italia iparraldeko Val Martellon jokatu den Marmotta Trophy-n batu dira asteburuan.
Eskiatzaile mendexarrak nabarmendu duenez, gainera, proban parte hartzeko zailtasun bat edo beste izan zituen. «Bilbo, Bartzelona eta Venezia arteko hegaldietako batean Iñigo Martinez de Albornozen eta nire eskiak galdu egin ziren, eta materiala heldu bitartean eguenean Venezian lo egin behar izan genuen».
Guztira bi proba jokatu dira asteburuan, bakarkako proba eta abiadurakoa. Zapatuan, esaterako, bakarkako proba jokatu zen. Lau igoera eta hiru jaitsiera zituen 10,50 kilometro inguruko ibilbidea osatu behar izan zuten emakumeek. Lasterketako bi zati, gainera, eskiak motxilan sartu eta oinez egin behar izan zituzten parte hartzaileek.
Okerreko bidetik
Guztira 1.280 metroko desnibela gainditu behar izan zuten emakumeek, gizonezkoek baino zertxobait gutxiago. «Sekulako toki politetatik ibili ginen. Geratu eta inguruei begira geratzeko gogoa ematen zuen», azaldu zuen.
Quincocesek 13. postuan amaitu zuen proba; ordubete, 53 minutu eta 15 segundo behar izan zituen lasterketa burutzeko. Pozik, baina «gehiago egin ahal zuenaren» sentsazioagaz agertu zen eskiatzaile mendexarra proba amaitu eta gero. «Lasterketaren ibilbidean nahastu egin naiz, eta toki batean okerretako toki batetik ere ibili naiz. Eskerrak handik zebiltzan batzuek abisatu, eta buelta emateko aukera izan dudan. Denbora asko galdu dut. Okerretako bide hori hartu ez banu, ziurrenik 10. postuan amaituko nuen».
Domekan, ostera, abiadura proba jokatu zen. Bi igoera eta jaitsiera bat izan zituen kilometro bateko lasterketa burutzeko, 4 minutu eta 22 segundo behar izan zituen eskiatzaile mendexarrak. 18. postua lortu zuen, eta marka horregaz finalerdietatik kanpo geratu zen. «Abiadura probak ez dira nire berezitasuna, pozik nago lortutako emaitzagaz».