Piketeak, kotxe karabanak, bide mozketak eta beste hainbeste ekimen etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrean
Hamaika irudi utzi dizkigu etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorreko goizak. Sindikatuek jakitera eman dutenez, jarraipen zabala izaten ari da Lea-Artibai eta Mutrikun.
Kotxe karabana egin du LABek Ondarroan. Goizeko ordu txikietatik sumatu zitekeen greba giroa Lea-Artibai eta Mutrikun. Piketeak industriaguneetan zein herriko kaleetan, kontainerrak bidean, bide mozketak eta aldarriak leku guztietan. Gaurkoan [azaroak 11] etxebizitza eskubidearen alde atera dira kalera grebalariak, eta poliziarekin ere izan dituzte zenbait istilu. LAB sindikatuak emandako datuen arabera, eskualdeko enpresetan jarraipen “oso zabala” izan du grebak, baita herrietako komertzioetan ere, salbuespenak salbuespen.
05:30erako jarri dute hitzordua markina-xemeindarrek, autobus geltokitik hasi eta herrian zein industriaguneetan pikete informatiboak egiteko. Grebalariek azaldu dutenez, Ertzaintza izan dute bizkarrean uneoro, leku guztietara jarraituz, eta zenbait grebalari ere identifikatu dituzte agenteek. Eroskin egin dute azkenengo geldialdia hiriburuko mobilizaziora joan aurretik, zabalik zegoen negozio bakarra zelako, eta bertan ere, nabarmena izan da Ertzaintzaren presentzia: bi patruila eta sei agente egon dira bertan. Gainera, grebalariez gain, poliziak etxe honetako bi kazetari ere identifikatu ditu.

Ondarroan, kotxe karabana egin du LAB sindikatuak. Anexo gunean batu dira 08:00etan, eta banderolak eta aldarriak leihoetatik atera, bozgorailua hartu, eta herriko zirrikitu guztiak igaro dituzte gaurkoa greba eguna dela gogorarazteko. Bestalde, 08:30ean batu dira Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak Alamedan, pikete informatiboak egiteko herriko kaleetan zehar.
Lekeiton 08:30ean batu dira grebalariak Eskolapean, eta bakoitzak bere bidea hartu du. LAB sindikatutik herri apainketari ekin diote, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak pikete informatiboak egin ditu. Lekeitiarrek zein ondarrutarrak Bilbora jo dute 10:30ean, hiriburuko mobilizazioan parte hartzeko.

Mutrikun pikete informatiboak egin dituzte LABek deituta, 07:00etarako. Txanbolingo biribilgunera joan dira grebalariak, eta errepidea moztu dute. Ondoren, Mijoa industriagunera jo dute, eta zinta bat jarriz itxi dute sarrera, baita Dia supermerkatukoa ere. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 08:30ean jarri du hitzordua gaztetxean piketeak egiteko, eta 09:00etan LABek deitutako kalejira zaratatsuari eman diote hasiera. Ondoren, 10:30ean, Eibarko bidea hartu dute grebalariek.
Hiriburutik buelta egin ondoren mobilizazioak egongo dira 18:00etan Ondarroan, Lekeition, Mutrikun eta Markina-Xemeinen. Ondarroan, Kamiñazpin hasiko da; Lekeition Mandaskan; Markina-Xemeinen Arkupeetan; eta Mutrikun Goiko Plazan.
[ALBISTEA OSATZEN]