Unanue Kamara Koralak koropoteoagaz ospatuko du 25. urteurrena
Ekintza martxoaren 14an, zapatua, egingo da, eta ospakizunean 25 urteetan abesbatzan parte hartu duten kantariek parte hartuko dute.
Urteurrenaren harira, gaur egun Unanue Kamara Koralean daudenek aurreko urteetan abesbatzaren parte izan direnei ere ekintzan parte hartzeko gonbitea egin diete. «50 abeslari ingururi egin diegu gonbitea eta erdiak behintzat parte hartuko dute», aurreratu dute Unanue Kamara Koraleko kideek.
Eguerdian hasiko dira abeslariak ospakizunagaz. Alde Zaharretik abiatuko da koropoteoa. «Errepertorioa zortzi abestigaz osotu dugu. Abesti horiek 25 urtetan abestu izan ditugunak dira».
Abestien aukeraketa gaur egun zuzendari den Estibalitz Arrizabalagak eta Yolanda Loira zuzendari izandakoak egin dute. Orain arte egin dituzten bi entseguetan, memorian gordeta izan dituzten abestiak «oso gustura eta ilusio handiagaz» abestu dituztela gaineratu dute.
Horrela ba, abeslariek eurek iragarri modura, bihar, entseguetan ikusi ezin izan dutena ikusteko aukera edukiko dute herritarrek, Unanue Kamara Koralak estreinako egingo duen koropoteoan.