Goizean ez zen nahikoa jende ibili, baina abesbatzek Zabiel plazan emandako kontzertuak eguraldia hobetu eta jendea herrira erakarri zuela zirudien. Ordu bete inguruko kontzertua eskaini zuten abesbatzek eta emanaldia ikusteko Zabiel plaza bete-bete egin zen. Bien bitartean, herriko tabernetan berdel pintxoak dastatzeko aukera zeukaten herritarrek.
Behin eguerdikoa egin eta gero, giroa arratsaldera pasatu zen. Urtero modura, portuko giroa lasai hasi zen berotzen. 17:30ean jende gutxi zebilen portutik eta antolatzaileek jende askorik ez zela gerturatuko uste zuten. Baina ordu eta erdi beranduago, portuak bestelako itxura zeukan: jendez gainezka zegoen. Hotz askorik ere ez zuen egiten eta euririk ere ez zegoenez, herritarrak gustura ibili ziren. Berdel pintxoak amaitzen hasi ziren, eta portuan gero eta jende gehiago ikus zitekeen. Orokorrean, pintxoak onak zeudela esan zuten herritarrek.
Berdelarekin egindako marmitakoa, Geoparke pintxoa… Aukera zabala zegoen. Baina orduek aurrera egin ahala, mahaietan geratzen ziren pintxoak gero eta gutxiago ziren.
Zea Maysek iluntzeko 19:30ean eskaini zuen kontzertuak giroa guztiz berotu zuen. Aurten, gainera, arrazoi ezberdinak tarteko, eszenatokia portura jaisteko bidearen ondoan ipini zuten (Txirlatxo ondoan). Zea Maysek ordu eta erdiko kontzertua eskaini zuen eta ostean jai giroa herrira mugitu zen.
Balorazio ona
Balea elkarteko kideak, boluntarioak eta antolatzaileak, oro har, oso pozik geratu dira Berdel Egunarekin. “20. urteurrena ondo ospatuta geratu da; balorazio oso positiboa egiten dugu. Jende guztia oso pozik ikusi dugu. Eskerrik asko bertan lagundu duzuen guztioi”.
Eguna euritsu hasi bazen ere, eguraldi onarekin amaitu zen, eta hori igarri egin zen arratsaldean egin zen jaian. “Eguraldi onari esker ehunka pertsona batu ziren moilan arratsaldean. 17:00etatik 22:00ak arte txosnak irekita egon ziren, eta zerbitzatu ziren 10.000 pintxoak ia agortu egin ziren. Elkarteek prestaturiko marmitakoa eta berdel errea ere, oso gustura jan ziren”.
Beti-betiko zein pintxorik berritzaileenak gustura jan zituzten Mutrikura hurbildu zirenek, eta eurak dastatzera adin guztietako jendea hurbildu zela azpimarratu dute antolatzaileek. “Familiak umeekin, helduak, gazteak… denetarik ibili zen berdela dastatzeko asmoarekin”.
Ekimen guztietan ere jende ugari ibili dela argitu dute antolatzaileek. Bariku iluntzean egin zen Katxinaren show-cooking-a, esaterako, oso arrakastatsua izan zen. Era berean, ikastetxeetako ikasleek ere hormairudi asko egin zituzten. Goizeko Izarra ikastolako 1. mailako ikasleek jaso zuten aipamen berezia.
Barikuan gainera, eguenean egindako pintxo pote lehiaketako txapelak banatu ziren. Epaimahaiak emandako saria Subeltz tabernak irabazi zuen berdelez beteriko barrengorriari esker. Herritarren saria, ordea, Goitibehera tabernak irabazi zuen, berdelaz eta piperradaz betetako tarteletagatik.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.