Duela bi urte hasitako abentura azkenean ere errealitate bihurtu da.
Titan Desert by Garmin mendi bizikleta proba egingo da astelehenean hasita, maiatzaren 2ra bitartean. Eta hain justu, proba horretan Berriatuako (Ander Txakartegi), Ondarroako (Iñigo eta Txomin Bustindui), Markina-Xemeingo (Xabat Arrate), Mendaroko (Igor Iraolagoitia) eta Iurretako (Eneko Barrota) bizilagunak egongo dira. Seiak batera, talde bat osotzen dute. Baina euren abentura mundu mailako proba egitea baino gehiago da. Basamortura Eskuzabal lemaren atzean, lasterketa egin eta proiektu solidario bat gauzatuko dute: 6.000 eurotan baloratutako edukiontzia eramango dute.
‘Basamortura eskuzabal’ proiektuko kideak. Ezkerretik eskumara, Barrota, Arrate, Txakartegi eta Txomin Bustindui.
Luze jo dute Titan Deserterako prestaketek. Babesleak lortu, produktuak bildu, edukiontzia eramateko ate guztiak jo… Bidea luzea eta maldatsua izan bada ere, Txakartegik, Bustindui anaiek, Barrotak, Arratek eta Iraolagoitiak ez dute etsi. Erronka handiei aurre egiteko eginda daudela erakutsi dute. Atez ate, enpresaz enpresa eta elkartez elkarte, euren proiektua azaldu eta proiektu solidarioa gauzatu ahal izateko beste indar bildu dituzte.
Maletak ilusioz eta gogoz beteta, barikuan (apirilak 24) aterako dira seiak Marokorantz. “Duela hamar urte esan nuen, nik Titan Desert egin nahi nuela. Eta begira orain, lasterketa egin eta proiektu polit bat burutzeko atarian gaude”, dio Txakartegik.
Ilusio eta gogo handiagaz parte hartuko dute Titan Desert mendi bizikleta proba ezagunean; lasterketa gogorra izango bada ere, psikologikoki zein fisikoki ondo prestatuta daudela diote protagonistek
6.000 eurotan baloratutako materialez betetako edukiontzia Marokon dago iada. Bai eta bizikletak ere. Orain, bakarrik, protagonistak ailegatzea falta da.
Protagonistak, proiektua babestu duten enpresa eta elkarteen ikurrak dituen kamisetagaz.
Zapatua dena antolatzeko eguna izango dute. Eta domekan proiektu solidarioa burutuko dute. “Zendu berri den
Begoñe Arrizabalagaren kongregazioko monjekin elkartuko gara. Bai eta Manuel Tajada Titan Deserteko zuzendariagaz ere. Kongregazioko monjak eta Tejadak hitz batzuk esango dituzte eta ostean edukiontzia emango diegu kongregazioko kideei. Behin hori eginda, gure ekarpena eginda egongo da”, argitu dute.
Bihotz handikoak dira seiak. Izan ere, borondatezko akzio solidarioa euren kabuz egin dute; gogotsu lan egin dute hori posible egin ahal izateko.
Domeka goizean burutuko dute proiektu solidarioa; zendu berri den Begoñe Arrizabalagaren kongregazioko kideei 6.000 eurotan baloratutako materialez betetako edukiontzia emango diete
Behin astelehena helduta, lasterketa gogorrari aurre egin beharko diote. “Guztiek esan digute gogorra izango dela, baina psikologikoki zein fisikoki, prest gaudela uste dugu. Ondo antolatuta gaude eta elkar babestuko dugu. Guztiok daukagu antzerako maila bizikleta gainean eta horrelakorik inoiz egin ez badugu ere, ondo entrenatu gara eta egingo dugu”.
Denaren gainetik gozatzera eta bizitzera doazela diote. “Sufrimendua gozamen bihurtuko dugu”.
Urduri dauden edo ez galdetzean, ezjakintasunak urduri jartzen dituela diote. “Horrek eragiten digu”. Baina bateko eta bestekoekin, gogotsu daude guztiak.
613 txirrindularik parte hartuko dute proban eta sei etapa egin beharko dituzte.
1. ETAPA (apirilak 27)
- Irteera puntua: Boumalne Dades
- Helmuga: Aknoiun
- Kilometroak: 115,930
- Igoera maila: 2.652 metro
GRAFIKOA IKUSI
2. ETAPA (apirilak 28)
- Irteera puntua: Aknouin
- Helmuga: Toughach
- Kilometroak: 112,820
- Igoera maila: 937 metro
GRAFIKOA IKUSI
3. ETAPA (apirilak 29)
- Irteera puntua: Toughach
- Helmuga: Lamdouare
- Kilometroak: 113
- Igoera maila: 1.128 metro
GRAFIKOA IKUSI
4. ETAPA (apirilak 30)
- Irteera puntua: Lamdouare
- Helmuga: Erg Znaigui
- Kilometroak: 98,940
- Igoera maila: 585 metro
GRAFIKOA IKUSI
5. ETAPA (maiatzak 1)
- Irteera puntua: Erg Znaigui
- Helmuga: Merzouga
- Kilometroak: 102,080
- Igoera maila: 510 metro
GRAFIKOA IKUSI
6. ETAPA (maiatzak 2)
- Irteera puntua: Merzouga
- Helmuga: Maadid
- Kilometroak: 65,610
- Igoera maila: 303 metro
GRAFIKOA IKUSI