Titan Desert probako bigarren etapa lehenengoa baino «errazagoa» izan dela esan dute bertotik joandako parte hartzaileek. «Dena dela, aurreikusitakoa baino gogorragoa izan da bigarrena ere», gaineratu dute.
112 kilometroko etapa izan da gaurkoa.
Profilari begiratuz gero, maldan behera joateko etapa zen. «Baina ez da horrela izan; ibilbidea laua izan da. Beraz, pedalei uste baino gehiago eman behar izan diegu».
Basamortura eskuzabal proiektuaren bultzatzaileek bost ordu eta 29 minutu behar izan dituzte etapa egiteko. «Antolakuntzak zortzi ordu eman ditu etapa amaitzeko». Orokorrean «lasai» joan direla azaldu dute. «Ez du merezi topera joatea, proba hau oso gogorra da eta».
Beroari dagokionez, atzo gehiago somatu zutela diote. «40º inguru izan genituen atzo eta horrek ere eraginda dauka».
Dena den, psikologikoki ondo daudela eta aurrera jarraitzen dutela diote. «Honi aurre egingo diogu».
Hori bai, Titan Desert proba fisikoki gogorra bada ere, psikologikoki ere oso gogorra dela diote. «Egunero esaten diogu geure buruari beste etapa bat gehiago egin dugula eta azken egunetik gero eta hurbilago gaudela. Etapa egiten gaudela ere horrela joaten gara, elkar animatzen».
Gaurko etapa
Atzokoa herenegungoa baino errazago eginda,
gaur maratoi etapari ekingo diote. «Gaurko eta biharko materiala hartu behar dugu, baita lotarako gauzak ere. Beraz, pisu gehiago eramango dugu gainean. Profilari begiratuta, ibilbideak ez du zaila ematen baina atzoko sorpresa eta gero, ez gara fidatzen».
Tougahach-etik abiatuta,
113 kilometro egin eta 1.128 metro igo beharko dituzte gaur. Antolakuntzaren arabera, hasiera gogorra izango dute parte hartzaileek eta 40 kilometro mendian gora egin ostean harri artetik ibili beharko dira. Etaparen azken kilometroak ondo asfaltatutako pista dela diote.