Titan Deserteko bigarren etapa «errazagoa» izan dela esan dute parte hartzaileek
Titan Desert probako bigarren etapa lehenengoa baino «errazagoa» izan zela esan dute bertotik joandako parte hartzaileek. «Dena dela, aurreikusitakoa baino gogorragoa izan zen bigarrena ere», gaineratu dute.112 kilometroko etapa izan zen atzokoa. P...
112 kilometroko etapa izan zen atzokoa. Profilari begiratuz gero, maldan behera joateko etapa zen. «Baina ez zen horrela izan; ibilbidea laua izan zen. Beraz, pedalei uste baino gehiago eman behar izan genien».
Basamortura eskuzabal proiektuaren bultzatzaileek bost ordu eta 29 minutu behar izan zituzten etapa egiteko. «Antolakuntzak zortzi ordu eman zizkigun etapa amaitzeko». Orokorrean «lasai» joan zirela azaldu dute. «Ez du merezi topera joatea, proba hau oso gogorra da eta».
Halaber, atzo bero handiagoa somatu zutela aipatu dute. «40 gradu inguru izan genituen atzo eta horrek ere eragina dauka».
Dena den, psikologikoki ondo daudela eta aurrera jarraitzen dutela diote. «Honi aurre egingo diogu».
Hori bai, Titan Desert proba fisikoki gogorra bada ere, psikologikoki ere oso gogorra dela diote. «Egunero esaten diogu gure buruari beste etapa bat gehiago egin dugula eta azken egunetik gero eta hurbilago gaudela. Etapan ere horrela joaten gara, elkarri animoak ematen».
Gaurko etapa
Atzokoa herenegungoa baino errazago eginda, gaur maratoi etapari ekingo diote. «Gaurko eta biharko materiala hartu behar dugu, baita lotarako gauzak ere. Beraz, pisu gehiago eramango dugu gainean. Profilari begiratuta, ibilbideak ez du zaila ematen, baina atzoko sorpresa eta gero, ez gara fidatzen».
Tougahach-etik abiatuta, 113 kilometro egin eta 1.128 metro igo beharko dituzte gaur. Antolakuntzaren arabera, hasiera gogorra izango dute, eta 40 kilometro mendian gora egin ostean, harri artetik ibili beharko dute. Azken kilometroak ondo asfaltatutako pista dela diote.