Titan Desert mundu mailako mendi bizikleta probak aurrera jarraitzen du. Parte hartzaileak basamortuetako duna artean dabiltza, nabigatzailearen laguntzagaz aurrera egiten. Gaurko etapa «nahikoa ondo» egin zutela azaldu dute Basamortura eskuzabal proiektuko kideek. Bihar, ostera, azken etapa gogorrena espero dutela diote.
GPSa halabeharrez erabiltzen hasi dira gaur parte hartzaileak. «Lago Salado pasa ostean, dena hondarra zen eta ezinbestean GPSagaz gidatu behar izan gara». Paisaia hain izan da zaila ze, beste
parte hartzaile batzuk azken kontrol puntua ez dutela
aurkitu. «Horiei zigorra ezarri die antolakuntzak».
Parte hartzaileek egin behar duten ibilbideko zati bat
Zehatz esateko, kontrol puntu bat ez pasatzeak lasterketa denborari bost ordu gehitzea suposatzen du. «Guk guztiak pasatu genituen», dio Ander Txakartegik.
Aurre-aurrean ez badoaz ere, euren mailan ondo doazela diote. «Aurreko gauean hitz egiten dugu eta seiok hurrengo eguneko pautak adosten ditugu». Elkar zaintzen dute eta guztiak ondo daudela diote. «Fisikoki zein psikologikoki ondo gaude». Iñigo Bustindui ondarrutarrak eroriko «xelebrea» eduki duela ere kontatu dute. «Ez da ezer izan, ondo dago».
Orokorrean, lasterketa psikologikoki gogorra dela dio Txakartegik. «Hona ondo prestatuta etorri behar zara, izan ere, paisaia denbora guztian monotonoa da».
Biharkoa, «zaila»
Gaurkoa gaindituta, bihar duna artean jarraituko dute. «Euskal Herrian geundenean biharko etapak ematen zigun bildurra. Dena GPSarekin egin behar dugu eta gogorra izango dela uste dugu». Hondar artean ibiliko direnez, parte hartzaile guztiek 2,8 kilometro oinez egin beharko dituzte. «Tarte horretan ezingo da bizikleta gainean joan».
Haizea kontran dute, bero handia egiten du eta orientatzeko GPSagaz baliatu behar dira. Euren esanetan, horiek izango dira biharko etapa zailduko duten faktoreak.