Motörhits taldeak kontzertua eskainiko du gaur, 23:00etan, Ondarroako Beikozinin. Talde katalanak Erresuma Batuko Motorhead talde ospetsuari tributu egiten dio eta soinu potenteak Ondarroara ekarriko dituzte gaur. Sarrerak salgai daude, 7 eurotan (txarteldegian 10 euro).
«Begiak itxi eta Motorhead taldea ikusten zaudela dirudi». Horrelantxerik deskribatzen dute musika adituek Motörhits taldea. Bartzelonakoak dira eta 2011 urtetik martxan dabiz.
Motorhits taldeko kideak
Musika aldetik Motorhead taldea imitatzeaz gain, janzkeran ere berdin egin dute; klonak direla diote.
Urteetako ibilbidea
Taldeko kideak hainbat proiektutan parte hartutakoak dira; eskarmentu handikoak dira.
1995. urtean, Lleixa, Xavi eta Pepon anaiek Dirty Lust taldea sortu zuten. Talde horrekin zortzi urtez Espainia osoa zeharkatu zuten.
2003an azken kontzertua eskaini zuten Badalonan eta taldea desagertu egin zen.
Aste bat beranduago, Xavi eta Peponek Jorge Lancharro gitarrajoleagaz bat egin zuten eta TrallaXXL sortu zuten. Rock gogorra egiten zuten eta diskoa ere atera zuten (Tres tristes trallas, 2005ean).
Gaur egunera arte
TrallaXXL rock eta funck abestiak jotzen hasi zen eta proiektuari Doctor Experience izena jarri zioten. Izen horrekin, Soñando despierto (2009) diskoa argitaratu zuten.
2011 bukaerara, ostera, hirurek Motörhits izena hartu eta Motorhead taldearen errepertorioko abestiak bertsiotzea erabaki zuten. Hasiera baten euren zaletasuna zena, arrakasta ikusita, euren indar guztiak proiektu horretan jarri zituzten.
2014an Antonio Muñoz sartu zen taldean, eta ordutik geldiezinak bihurtu dira; arrakastari eusten jarraitzen diote.