6. etapa: Etapa guztiak eginda, bertokoak Titanak bihurtu dira
Titan Deserteko azken etapa izan da gaurkoa. Orokorrean, azken etapa motza egin zaiela azaldu dute. “Aurreko etapekin alderatuz gero, gaurkoa motza eta pixka bat aspertzekoa iruditu zaigu”, azaldu du Ander Txakartegik.
Azken etapa “lasai eta ezer ez gertatzeko moduan” egin dutela diote. “Etapa hau falta zitzaigun egiteko eta lasai eta guztiok oso-osorik heldu nahi izan dugu helmugara”. Eta hain justu, helmugara guztiak batera sartu dira; egun hauetan guztietan izan diren talde bezala sartu dira, helduta eta batera.
Ibilbidea nahikoa polita izan dela diote. Eta aurreko kronikan aipatu modura, sorpresa txikia ere egon da: etapako azken bost kilometroetan hondarra, lokatza eta harriak aurkitu dituzte. Horrela, helmugara nekatuta iritsi dira. Hiru ordu eta erdi inguru behar izan dituzte.
Titan Desert, bere osotasunean, Dakarra dela diote parte hartzaileek. “Gero eta argiago dago motorren Dakarra dena, bizikletan Titana dela”.
Proba guztia eginda, datorren astean ez baina datorren urtean barriro ere egingo luketela diote. “Orain bai, Titanak gara!”.
Bapo jan, bizikletak gorde eta bueltako bideari ekingo diote orain kirolariak.