Ondarroako Udalak Pixape eta Iparkale lotzen dituzten eskailerek berritu ditu. Eta berritzeaz gain, margotu ere egin ditu. Zehatz esateko, grafitiak egin dituzte eskaileretan. Baina grafitietan ez dira edozelako marrazkiak agertzen: itsasoagaz lotutako irudiak dira. Iparrorratza, sarea, sare konpontzaileak… agertzen dira. “Eskailerak berritzeaz gain, ezer esaten ez zuten hormak zeudela konturatu ginen. Horren aurrean, berritze lanak egin dituen enpresaren bitartez, grafitiak egitea adostu dugu”, azaldu dute udal ordezkariek.
Dena dela, margoketa lanak egiterakoan, udalak gai konkretu baten inguruko marrazkiak egiteko eskatu zien egileei. “Pixapek eta Iparkalek itsasoagaz lotura daukate eta hori irudikatu nahi genuen. Horrez gain, genero berdintasuna kontuan edukita,
emakumeen lanari aitortza bat ere bada”.
Momentuz, Pixape eta Iparkale arteko grafitiak salbuespenak izan direla diote udal ordezkariek. “Eskailerak berritu behar ziren eta hortik egin dugu dena. Horrek ez du esan nahi herri osoa grafitiz beteko dugunik”.
Irudiak ikusi dituzten herritarrei asko gustatu zaiela ere gaineratu dute. “Ikusi dutenek, behintzat, gustuko dituztela eta politak direla esan digute”.