Bizkaiko hondartzek hasi dute aurtengo denboraldia
Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean egongo da hondartzetako denboraldia zabalik Bizkaian. 28 hondartza daude Bizkaian eta guztietan zerbitzuak prest daudela iragarri dute Aldundikoek. Mendexako Karraspio hondartzan, esaterako, Aldundiak obra txikia egin beharko du. Izan ere, zerbitzuetako eraikina ez dago guztiz erabilgarri.
Osterantzean, hondartzen garbiketari dagokionez, 2,4 milioi euro erabiliko ditu Aldundiak aurten hondartza guztiak garbitzeko, mantentzeko eta konpontzeko.
Guztira, 204 dutxa, 59 iturri, 725 paperontzi eta bidoi, 480 plataforma parrillatu, oinak garbitzeko 42 iturri eta 1.950 metro luzeko egurrezko pasabidea jarri dira Bizkaia osoan.
Beste alde batetik, dutxa, iturri zein oinak garbitzeko iturrien euskarriak ordezkatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du Aldundiak, “plataforma finkoek hondarretan eragiten duten inpaktua txikitzearren”.
Horrez gain, Aldundiak ingurumena babesteko irizpideak ezartzen dituela jakitera eman du: oinak garbitzeko iturriak kentzen dira behar ez den lekuetan eta dutxen beheko botoiak ere kendu egiten dira, ura aurrezteko. “Azken neurri hori hainbat udalek eskatuta hartu da”, azaldu dute.
Umeentzeko jolas eremuak ere bere horretan jarraituko dute; 28 hondartzetatik 11tan daude.
Sorosleei dagokienez, Lea-Artibaiko hondartzetan (Ogella –Ispaster–, Isuntza –Lekeitio–, Karraspio –Mendexa– eta Arrigorri –Ondarroa–) hamabi sorosle egongo dira. Ispasterko Ogellan eta Ondarroako Arrigorrin bina egongo dira, Lekeitioko Isuntzan 3 eta Mendexako Karraspion bost.
Bizkaia osoari dagokionez, 87 sorosle ariko dira egunero beharrean.
Bizkaian dauden 28 hondartza horietatik 18 dira ISO 9.0001 eta 14.0001 ziurtagiria dutenak; Lea-Artibaiko lau hondartzek ziurtagiriak dituzte.
Gipuzkoako hondartza denboraldia ekainaren 15ean hasiko da.