Ondarroako Andra Mari jaietako Kuadrila Eguna antolatzeko batzarra egingo dute
barikuan, 19:00etan, Kofradia Zaharrean. Batzarragaz, urte batzuk atzerago Ondarroako Kuadrila Egunak zuen garrantzia berreskuratu nahi dute herritarrek.
Ondarroako Kuadrila Eguna 2013. Argazkia: Zunbeltz Bedialauneta
«Inguruko herrietako jaietan Kuadrila Egunak duen garrantzia geure herrira ekarri nahi dugu, egun parte hartzaile bat osatuz», azaldu dute antolakuntza prozesuan barneratuta dauden jai batzordeko kideek.
Helburua «egun guztiko egitaraua sortzea» dela diote. Halaber, batzarra deitu dutenek euren borondatez dabiltzala argitu dute. «Guk nahi dugulako gabiltza honetan, eta gure irabazi bakarra herritarrek jai eder batzuekin gozatu ahal izateko aukera edukitzea da».
Herritarrei deia
Jai batzordea Ondarroako Udalak, herriko kultur eta kirol taldeek eta beste hainbat talde eta norbankok osatzen dute eta herritarrak parte hartzera deitu nahi izan dituzte. «Guztiok izango zarte ongi etorriak. Izan ere, herritarrak herriko jaietako egun berezi hori antolatzeko laguntzeko prest ez bagaude, ea nork lagunduko digun; gero alperrik izango da ez dala ezer egon esatea».