Piztiak talde ondarrutarrak U diskoaren aurkezpena egingo du ekainaren 5ean, 23:00etan, Ondarroako Beikozinin. Ondarrutarrak oholtzara igo aurretik, baina, Balerdi Balerdi talde nafarra igoko da, Petti gitarra joleagaz batera. «Sekulakoa izango da eta horrelako emanaldirik ez da berriro errepikatuko», azaldu du Piztiak taldeko Txomin Uribek.
Gustura eta egindako lanagaz pozik daudela diote Piztiakekoek. «Ez dakigu zer baina U diskoak zer edo zer berezia dauka eta entzulegoari gustatu zaio».
Ondarroan kontzertua eskaintzeak «bere zera» daukala diote, baina aldi berean «gauza ederra» ere badela diote. «Urtzi Lee gurekin dago iada eta hirukote izatetik boskote izatera pasatu gara; eroso sentitzen gara». Emanaldian, baina, gehiago izango dira taula gainean. «Naiara, Urtzi Lee eta Pettirekin batera, Piztiak Big Band osatuko dugula esaten dugu», gaineratu du Uribek.
Emanaldiko sarrerak salgai daude, Beikozinin: aurresalmenta 8 eurotan eta txarteldegian 10 eurotan. Baina Internet bidez erosteko aukera ere badago, eta horretan, beherapena dago (5 eurotan lortu ahal dira).
Balerdi Balerdi taldeak eta Piztiakek urte berean argitaratu zuten lehenengo diskoa. Baina inoiz ez dute elkarregaz kontzertu bat eskaini. Horrela ba, gaurkoa «galdu ezin den kontzertu horietakoa» izango dela diote.
Iruñeko power-pop taldea da Balerdi Balerdi. Taldekideen artean 70eko hamarkadan Iruñeako rock eszena suspertu zuten musikarietako batzuk zeuden: Toño Muro eta Marino Goñi, esaterako. 70eko eta 80ko hamarkadetako rock&roll eta folk talde eta bakarlarien eraginak barneratu zituen taldeak bere kantuetan.
Taldeak bi aro izan ditu: 1991tik 1997ra eta 2012tik aurrera.
Edonola ere, gaur, esperientzia handiko eta musikarenganako pasioa duten kideak izango dira protagonista Beikozinin, eta gainera, bi taldeetako bat herrikoa da. Ikuskizuna, behintzat, ez dela faltako iragarri dute ondarrutarrek.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.