Gabeko Izarrak Ondarroako herri aldizkariak I. Takoi Lasterketa eta I. Mus Txapelketa antolatu ditu hilaren 20rako. Bi ekintzak Alde Zaharreko jaietako egitarauaren barruan daude kokatuta. Bietan, baina, aldez aurretik izena eman behar da.
Takoi lasterketa ekainaren 20an, 19:30ean egingo da, Iparkalen. Horretan, 18 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal dutela jakitera eman du Gabeko Izarrakek. Lasterketan parte hartu nahi dutenek araudia bete beharko dute: bakoitzak bere zapata parea eroan beharko du eta takoiak 6 zentimetrokoak izan beharko dira. Izena emateko, ostera, herritarrek Apallu tabernara joan edo lasterketa baino ordu bat arinago Iparkalera hurbildu beharko dute. Izen emateak 5 euro balio ditu.
Euria egingo balu, baina,
ekintza bertan behera geratuko dela iragarri dute.
Sariei dagokienez, bi sari banatuko dira: lehenengo saria eskuratzen duenak bildutako diruaren %75 jasoko du, eta bigarren sarituak %25.
Mus txapelketari dagokionez, jokoa
Alamedan izango da,
ekainaren 20an, 16:00etan.
Euria egingo balu, karta jokoa
Gaztedi eta Kabia tabernetan izango da. Izena emateko, bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Horretan
lau sari banatuko dira: 1. saria txapelak eta diruaren %50, 2. saria diruaren %30, 3.a %20 eta laugarren saria ardo boteila bi.