Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2 milioi euro Debabarrenean zertan erabili erabakiko dute hilaren 11n
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko 2 milioi euro Debabarrenean inbertituko dira. Eta Debabarreneko herritarrek proposamenak egiteko aukera eduki dute.
Guztira, apirilean eta maiatzean, 75 proposamen jaso dira. “Proposamen horiek herrietan egindako bilera irekietan, postontzietan zein internet bidez egindako galdeketetan jaso dira”, azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. “Proposamen horietako batzuk, aztertu ostean, alde batera utzi dira, ez dituztelako bi baldintza nagusiak betetzen: gaia Aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea”.
Beste kasu batzuetan, baina, proposamenak batu egin dituzte, “gai berari buruzkoak zirelako”.
Garbiketa eginda, bada, 52 proposameneko zerrenda jarriko da ekainaren 11n Elgoibarren egingo den bileran. Bilera 18:30ean izango da, Elgoibarko kultur etxean. Bilera horretan, proposamen horietatik guztietatik hamar aukeratuko dira. “Batzarrean Debabarrena osatzen duten herrietako herritarrek parte hartu ahal dute”.
Mutrikuri dagokionez, besteak beste, turismo alorrean, Sasiola-Astigarribia ingurua balioan jartzeko egitasmoa dago proposamenen artean. Bai eta Mutrikuko artadia bultzatzea, Garrantzi Komunitariko Leku bezala.
Lehenetsiko diren hamar proposamen horiek Foru Aldundira bidaliko dira eta han egitasmo bakoitzaren bideragarritasuna aztertuko dute.