Perurekin elkarteak 850 euro lortu ditu azoka solidarioan
Elkarteak bi azoka solidario egiten ditu urtean Ondarroan: neguan eta udaberrian. Joan den zapatuan eta domekan egon zen azoka zabalik, Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan. Aurretik, baina, aste osoan, materiala biltzen egon dira elkarteko kideak. “Jendeak nahikoa gauza ekarri ditu eta gainera gauza onak”, azaldu du Amagoia Monasterio PerurEKIN elkarteko kideak. Guztira, 856 euro inguru lortu dituzte.
Azoka Udal Erakusketa Areto kanpoan ipini zuten. “Euria iragarrita zegoenez, hiru mahai atera genituen erakusketa areto kanpora; ez ginen Alamedan egon. Eta domekan ere egon ginen”. Lortutako dirua Perura bidaliko dute, orain arte egin modura, han bestelako proiektuak bultzatu ahal izateko.
Aurreko urteetan lortutako diruagaz alderatuz gero, azken azoka honetan gutxiago lortu dutela dio Monasteriok. “Orain arte 1.000 euro inguru edo gehiago lortu izan ditugu. Aurten ez dakigu zer gertatu den, eguraldi onagaz, akaso, jendea kanpotik ere ibili da”.
Dena dela, lortutako guztia “ongietorria” dela diote. Eta nola ez, neguan ere beste azoka bat ipiniko dutela iragarri dute. Hori, baina, abenduaren 16an izango da.