Pintxo Ibilbidea egingo dute Ondarroan
Ondarroako Turismo Bulegoak eta herriko 11 tabernek Pintxo Ibilbidea egingo dute barikuan (ekainak 19). Ekimenaren aurkezpena barikuan bertan egingo dute, 19:30ean, Berdura Plazan. Pintxo Ibilbidea egin ahal izateko bonoak turismo bulegoan eskuratu behar dira: bonoak 8,80 euro balio ditu eta horregaz 8 pintxo jan ahalko dituzte herritarrek.
Baina doako eskaintza bat ere badago: Ekainaren 18an turismo bulegora joaten diren lehen 50 herritarrek pintxoak doan dastatzeko bonoa jasoko dute. “Berdura Plazan egingo den aurkezpenean egitasmoan parte hartzen duten tabernetako ordezkariak egongo dira eta egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte”, aurreratu dute turismo bulegoko arduradunek. Halaber, Berdura Plazako aurkezpen horretan, pintxo desberdinak doan dastatu ahalko direla jakitera eman dute.
Egitasmoan parte hartzen duten tabernak ondokoak dira: Alai, Sutargi, Alde Zahar, Torrepe, Ku-Kua, Beikozini, Badis, Kabia, Gaztedi, Boga Boga eta Arrigorri.
“Egitasmo hau martxan jarriko da, urte guztian, euskal kulturaren zati txiki bat ezagutaraziz”, diote turismo bulegokoek.