Ziortza-Bolibarko Sorgin Gaba "gero eta indar handiagoa" hartzen ari da
San Joan bezperan, ekainaren 23an, Sorgin Gaba antolatzen du Ziortza-Bolibarko Aranbaltz kultur elkarteak. Antolatzaileen esanetan, ekimenean gero eta jende gehiagok parte hartzen du. “Aurten 70 lagun inguru mozorrotu gara; jendea animatzen doa eta berriak ere gehitzen doaz”. Bateko eta bestekoekin, herritarrek pertsonaia mitologikoekin batera ospatzen dute udako solstizioa.
Irrintzi eta txalaparta doinuekin batera agertu ziren Mari eta Maju Ziortza-Bolibarko plazara. “Zubikotik galtzagorri saltoka etorri zen, atzetik Tarttalo ardiarekin arineketan etorri zen. Ide artera joan ziren galtzagorriak, eta han kistorrin eta txokor batzen aritu ziren”. Lamiak Urazanditik agertu ziren, ilea orrazten, nola ez. “Horiek dantzan sartu ziren plazara, atzetik jentilak zituztela”.
Elizpetik agertu ziren Akerbeltz eta sorginak, eta Jauregibezitik Basandere eta Basajaun.
Behin antzezpena amaitu eta gero, herritarrek jana eduki zuten, trikitilariek giroa alaitzen zuten bitartean. “22:00ak inguruan, dantza egin eta irrintziak bota ostean, San Joan sua egiten den lekura joan ginen guztiok”. Handik berriro ere plazara joan ziren herritarrak, eta orduan Sorgin Dantza egin zuten; adin ezberdinetako herritarrek egin zuten dantza.
Ostean argiak itzali ziren, eta suziriek herri osoa argitu zuten. “Ostean Gollebarreko boluan abestia abestu genuen”. Sorginek prestatutako edabe majikoa dastatu bitartean, Baga biga higa abestia entzun ahal izan zen.
Edonola ere, gaua majikoa izan zen eta antolatzaileek herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete. “Gure esker ona, eguna posible egiten lagundu diguten denei eta baita ikusle moduan egon zirenei ere”.
[nggallery ID=260]