EH Bilduk otsailean Legebiltzarrera eroan zuen gaia. Bilboko Itsas Museoan dagoen Ondarroako
Antxustegi atunontzia desagertzeko zorian zegoela eta ondarea babesteko zer edo zer egin behar zela esan zuen. Legebiltzarra ontzia salbatzearen alde azaldu zen eta EH Bilduren ekimenez, txosten teknikoa egiteko eskatu zuen. Txosten hori
Albaola Itsas Kultur Faktoriak egin du eta haren arabera, atunontzia konpondu eta berreskuratu egin beharko litzateke. “Gaur egun Euskal Herrian dagoen diesel motore eta bibero finkodun lehen belaunaldiko atun-ontzi tipologiako azken ordezkaria delako; Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban gordetzen den atunontzi zaharrena da”.
Salba dezagun Antxustegi plataformaren ekimen bat. Argazkia: Xabier Laka Antxustegi.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak egindako txostena gaur [uztailak 1] jaso du Legebiltzarrak. Koalizioak jakitera eman duenez, txostenak EH Bilduren zein Antxustegi familiaren tesiari jarraitzen dio, eta arrantza ontziak duen “balio historiko eta kulturala” aintzat hartzen du. “Txostenaren egileek argi diote Antxustegi ondare garrantzitsua dela, ezohiko izaera historikoa duelako eta arrantzale komunitateen artean eta oro har, kostaldeko herrietan sentipen biziak sortzen dituen ondarea delako”. Horrez gain, txostenak dioenaren arabera, “ez da beranduegi ontzia berreskuratzeko”. Dituen kalteak “larriak” direla dio, baina oraindik konpondu ahal dela gaineratzen du, “bere garaiko integritatea bereganatuz”.
Berreskuratzeko plana martxan jarriz gero, Albaolako teknikarien ustez,
Antxustegi itsas ondarearen “berreskuratze eredugarri” baten adibide bihur daiteke, bai eta
Bilboko Itsas Museoaren bildumako “ontzi garrantzitsuenetako bat” bihurtu ere.
Txostena eskuetan, Estitxu BreƱas EH Bilduko legebiltzarkideak esan du koalizioak
legez besteko proposamena aurkeztuko duela. Proposamen horretan Jaurlaritzari bai eta Bilboko Itsas Museoko gainerako arduradunei ere txostenaren ondorio eta gomendioak aintzat hartzeko eskatuko diete. “Antxustegi konpontzeko eta berreskuratzeko neurri eraginkorrak har ditzatela eskatuko diegu. Guretzat,
penagarria eta onartezina litzateke erakundeen utzikeriagatik tamaina horretako ondare historiko eta kulturala galtzea“.
Salba Dezagun Antxustegi plataformako kideak
Salba dezagun Antxustegi plataformako kideek
begi onez eta itxaropentsu ikusi dute azken proposamena. “Azken hiru urteotako salaketen ostean, aurrerapauso handia da. Arrazoia genuela argi ikusi da. Ez bakarrik guretzat, baizik eta euskaldun guztiontzat. Izan ere,
Antxustegi denon ondarea da, eta beronek duen balioa ezagutara eman da. Orain Eusko Jaurlaritzari dagokio hori dena onartu eta berreskuratze proiektua martxan jartzea. Dena euren esku dago”.
Antxustegi berreskuratuko balitz, gainera, neurria etorkizunean Bilboko Itsas Museoarentzako ere “mesedegarria” izan daitekeela deritzote Antxustegitarrek. “Asmoa ontzia Euskaldunaren zubiaren azpian, moila gainean, zaharberritzea da, eta horrek bizitasun handia emango lioke museoari berari”.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak egindako txostenari, halabaina, Jose Maria Unsainen (
Donostiako Untzi Museoko zuzendaria) eta Juan Antonio Apraizen (itsas ondareari buruzko aditua eta historialaria) iritziek indar gehiago emango diotela uste dute plataformako kideek. “Bi aditu horien iritzia ere kontutan izatea guretzat oso garrantzitsua da”.