Karmenetan herri bazkaria egin edo ez egin bariku goizean erabakiko du Markina-Xemeingo Udalak
Ostiral goizeko eguraldiaren iragarpena jakin ondoren hartuko du erabakia Markina-Xemeingo Udalak. 2.485 pertsonak eman dute bazkarian parte hartzeko izena. Eta hain zuzen ere, izena eman duten talde guztietako ordezkariei mugikorreko mezu batekin jakinaraziko die udalak bazkaria egingo den edo ez.
Herri bazkaria koadrillen egunean egingo da, alegia, uztailaren 18an. “Nahiz eta herri bazkaria bertan behera geratu, ez da dirua bueltatuko. Izan ere, ekintza egin edo ez egin, zerbitzuaren %10 ordaindu egin behar da”. Izena eman duen herritar bakoitzak 2 euro ordaindu ditu.
Horrez gain, barikuan erabakitzen bada herri bazkaria ez egitea, udalak jartzen dituen ohiko bitartekoak (mahaiak, aulkiak eta ontziak) ere ez direla eskuragarri egongo jakitera eman dute udal ordezkariek.
Taxi geltokia
Beste alde batetik, jaietan, taxi geltokia lekuz aldatuko dela jakitera eman du udalak. “Karmenetan taxi geltokia autobus geltokiaren aurrean egongo da”.