Cardañoren atxiloketa salatzeko gaur arratsaldean Munitibarren egindako elkarretaratzea.
Abuztuaren 18an espetxean aurkezteko hamar egun zituela jakinarazten zion gutuna jaso zuen munitibartarrak. Hamar egun horiek abuztuaren 28an amaitu ziren, eta ordutik, atzemateko agindupean egon da. Atzo [astelehena], 19:00ak inguruan, Ertzaintza Munitibarrera gerturatu zen, Cardaño bizi den etxera, Gerrikaitz auzora. Atea jo eta haren bila zetozela esan zieten ertzainek Cardañoren amari. Amak Cardaño ez zegoela etxean esan zien. 19:15 aldera Ertzaintza Munitibarretik joan zen, Cardaño atxilotu barik. Gaur, ostera, Cardaño lagunekin egon zen kalean. Eta orduantxe atxilotu zuten.
2014ko azaroan hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Cardañori, 2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatuta. Fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat, eta defentsa abokatuak absoluzioa.
2001eko gertakaria izanik, 2014ko amaieran epaitu izanagatik jaitsi zion epaileak zigorra bost urtetik hiru urtera.
Helegitea jarri zuen Cardañoren defentsa abokatuak orduan, baina joan den ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urteko kartzela zigorra berretsi zion.
Atxiloketa salatzeko, gaur, 19:30ean, elkarretaratzea egin dute Munitibarren. Ostean, 20:00etan, ezohiko osoko bilkura egin dute udaletxean, udalak deituta.