Lekeitioko igerilekua itxita egongo da irailaren 28ra arte, hobekuntza lanak direla eta
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, igerilekua itxita egongo da irailaren 28ra arte. Berez, irailaren 18an zabaldu behar zen igerilekua, baina Trinkete eraikinean egiten ari diren hobekuntza lanak direla eta, momentuz ezingo da zabaldu. “Igerilekuan urtero egiten den iraileko derrigorrezko geldialdi teknikoaz gain, igerilekua bera inguratzen duen egurrezko hesia ere lotu egingo da eta 100 led argi ipiniko dira; ateak ere margotu egingo dira eta ile lehorgailuak ipiniko ditugu, besteak beste”, jakitera eman dute udal ordezkariek.
Ezohiko egoera horren aurrean, Lekeitioko Udalak barkamena eskatu nahi izan die erabiltzaileei. “Igerilekua ahalik eta azkarren zabaltzea nahi badugu ere, lanak amaitutakoan garbitasun sakon eta orokor bat egingo da Trinkete osoan”. Ondorioz, hilaren 28ra arte, herritarrei Markina-Xemeingo eta Ondarroako igerilekuak erabilgarri daudela jakitera eman diete.
Igerilekuan egiten ari diren hobekuntza lanez gain, Trinkete eraikinean, besteak beste, iturgintza lanak, ateen konponketak, txarteldegiak hobetu, behegaina altxatu, garbitu, desinfekzioa eta irazgaizte lanak ari dira egiten.
Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, lan horiek guztiak herrik kirol eraikinak “egoera larrian” zeudelako abiarazi dituzte. “Udal kirol instazioek beharrizanak dituzte azken urteotako mantenu faltagatik. Horren aurrean, lehentasunak ipini eta lanei ekitea pentsatu genuen”.
Lan guztiak egiteko, udalak 170.450 euroko aurrekontua dauka. Lanak, Isuntzako lokalean egin beharrekoa ezik, irailean amaituko dituztela ere aurreratu dute. “Futbol zelaian inguruko sarea eta jokalarientzako eserlekua berriak ipini ditugu”.
Halaber, Trinketen, futbol zelaian eta kiroldegian desfibrilagailuak ere ipiniko dituztela diote.
Beste alde batetik, kiroldegian dagoen eta areto futbolerako erabiltzen den kantxako teilatua konpontzeko proiektua ere aurten egingo dutela diote. “Hamabost bizikleta berri ere ipini ditugu kiroldegian”.