Berriatuko Udalak eta Uemak euskara ikasteko "erraztasunak" emango dizkiete berriatuarrei
“Berriatua bezalako herri euskaldunetan, euskara ezagutzeak duen garrantzia kontuan hartuta, Berriatuko Udalak eta Uemak herritarrei euskara ikasteko edo hobetzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu”. Horrelantxerik jakitera eman dute Berriatuko Udaleko Euskara Batzordeko ordezkariek euskara ikasteko pausoa ematen duten herritarrei diruz lagunduko dietela.
Udalaren eta Uemaren arteko elkarlana ikasturte osora hedatuko da. Funtsean, herritarrek bi eskaintza edukiko dituzte: Euskalduntzeko behe, erdi edo goi urratsak emateko taldeak edo atzerritarrentzako AISA harrera ikastaroa.
Nahikoa jendek izena ematen badu, ikastaro guztiak Berriatuan egingo lirateke, bestela Ondarroan edo Markina-Xemeinen izango dira klaseak.
Herritarrek irailaren 30era arteko epea daukate bi eskaintzetako baten izena emateko. Behin izena emateko epea amaitu eta egun gutxitara, izena eman duten guztiei bilera baterako deia egingo zaie.
“Berriatuko Udalak herriko euskararen normalizazioan, guztiekin batera, urratsak ematera gonbidatzen ditu herritarrak. Animatu eta ikasi euskaraz!”, diote udal ordezkariek.