Irailaren 26an Markina-Xemeingo Arretxinagan egingo den BTT martxan parte hartzeko epea zabalik dago. Herritarrek irailaren 25a orduko izena eman beharko dute.
Izena ematerakoan, federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta ez federatuek 15. Horretarako baina, ondoko webgunean sartu beharko dira:
www.kirolprobak.com. Parte hartzaileek hiru ibilbide izango dituzte aukeran: ibilbide luze-luzea (75 kilometro), luzea (38 kilometro) eta ertaina (26 kilometro).
Iazko BTT martxa, Arretxinagan
Ibilbidearen arabera, irteera orduak ere ezberdinak izango dira: Ibilbide luze-luzea egingo dutenak 08:30ean aterako dira, luzea edo ertaina aukeratzen dutenak aldiz, 09:30ean hasiko dute proba.
Martxa herrikoia
Beste alde batetik, 11:00etan, BTT martxa herrikoia ere egingo dela jakitera eman dute antolatzaileek. Martxa hori doakoa izango da eta adin guztietako herritarrek parte hartu ahalko dute; 4 edo 6 kilometrotakoa izango da.
Horretaz guztiaz gain, antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan dutxak ere egongo dira eta BTT martxan parte hartzen duten guztiek oparia edukiko dutela aurreratu dute.