Mutrikuko Mijoa industrialdean egitekoa zen eraldaketa gunea eta enpresa haztegia ez direla egingo erabaki zen aurreko barikuan [irailak 18] egindako Garapen Batzordean. Erabakiak ezinegona sortu du proiektua bultzatzen duten hainbat herritarren artean, eta berau aurrera eramateko herritarren sinaduraz babesturiko mozioa aurkeztuko dute bihar [irailak 24], 19:00etan, udaletxean egingo den udalbatzaren osoko bilkuran. Euren iritziz, proiektua Mutrikuko egoera sozioekonomikorako “komenigarria eta beharrezkoa” litzateke.
Mutrikuko
EH Bildu ere, bat dator herritarrek egindako eskariarekin, eta hortaz, berau babestea erabaki dute osoko bilkuran. “EH Bilduren aldetik, herritarren kezka hori bultzatu egin behar dela iruditu zaigu. Herritarrek bilkuran ez dutenez hitzik, euren ahotsa izango gara”. Hain zuzen ere, Garapen Batzordean proiektuaren alde agertu ziren bakarrak izan ziren EH Bilduko zinegotziak. “
EAJ proiektua aurrera egitearen aurka azaldu zen eta Berdeak Independenteak taldeak, aldiz, ez zuen aldeko ez kontrakoa adieraziko duenik agertu”.
Proiektuaren hitzarmenaren aurkezpena
EH Bilduko kideek nabarmendu dutenez, egitasmoa aurrera eramateko akordio guztiak hartuta zeuden aurreko agintaldian. Euren arabera, proiektua egiteko aurkeztu eta baldintzak bete dituzten lau enpresen artean bati lanak esleitzea besterik ez da falta.
Azken erabakia biharko udalbatzan hartuko bada ere, Berdeak Independenteen babesik gabe, egitasmoa bertan behera geratuko denaren beldur dira EH Bilduko kideak. Izan ere, bi alderdi nagusien botoen berdinketa ematen bada, alkatearen kalitatezko botoak izango luke azken erabakia. Horren ondoren egitasmoa bertan behera geratuz gero,
udalak 2014ko abenduan Gipuzkoako Foru Aldunditik jaso zituen 500.000 euroak bueltatu beharko lituzke.
Enpresa haztegia egitearen alde daudenek, ordea, diru hori bueltatu beharra pena dela eta herriak gehiago merezi duela nabarmendu dute. “Honako hiru eskaera egin nahi dizkiogu udalbatzari. Alde batetik, obrak esleitu eta berehalakoan has daitezkela, epe barruan egiteko. Bigarrenik, ekipamenduetarako esleipena ere martxan jartzea eskatu nahi genuke. Azkenik, udalak eska diezaiola aldundiari errespetatzeko hitzarmena eta bete dezala”.
Mijoako industrialdea
Bestalde, jeltzaleen ezezkoaz gain,
Gipuzkoako Foru Aldundiak urteroko mantentze gastuak babestuko dituen diru laguntza ere ez duela emango ere aipatu zen Garapen Batzordean. Ekainean udalaren eta aldundiaren artean sinatutako bigarren hitzarmen batean, Mijoako eraldaketa gunea eta enpresa haztegiaren kudeaketa eta mantentze gastuetan lagunduko zuenaren konpromisoa agertu zuen aldundiak, baina, itxura guztien arabera, aldundi berriak ezezkoa eman dio Mutrikuko egitasmoari. Hau da, ez du mantentze gastuetarako urteroko diru laguntzarik emango.
Aldundiaren ezetzaren aurrean, Mutrikuko EAJ “atzera pausoa emateko bidean” jarri dela salatu dute proiektuaren aldekoek. “Nahiz eta 500.000 euroak herriarenak diren eta udalean dauden, nahiago dute dirua itzuli eta herria proiekturik gabe utzi”.