Gasteizen ikasten dauden mutrikuko ikasle batzuek autobusa atera nahi dute, bidaia luzea saihesteko
Proposamena Gasteizen ikasten ari diren mutrikuar batzuk egin dute. Izan ere, gaur egun, Ondarroa eta Mutrikutik (baita Debatik eta Mendarotik ere) Gasteizera garraio publikoan joatea odisea bat da. “Lehenik eta behin Mallabiaraino heltzen den Lurraldebusa hartu behar dugu. Gero, Eibarren, Gasteizera eroango gaituen autobusaren zain 30 minutu egon behar gara”, diote. Horrela, Mutrikutik ateratzen direnetik Gasteizera heltzen direnerako 3 ordu pasatzen dira. “Hori gehiegizkoa da”.
Arrazoi horregatik, hain zuzen ere, ikasleek barikuetarako eta domeketarako autobusa alokatu nahi dute. “Ahalik eta jende gehien bildu nahi dugu. Eta autobus enpresa ezberdinei aurrekontua eskatuta, bidaia motzagoa egin ahalko dugu”. Euren proposamena ondokoa da: Domeka iluntzean autobusa Ondarroatik ateratzea eta Mutriku, Deba eta Mendarotik igarotzea. Behin herri horietan ikasleak hartu eta gero, Elgoibarren autopista hartu eta zuzenean Gasteizera joatea. Barikuetan, berriz, 14:00ak inguruan ibilbide bera egingo luke autobusak, kontrako noranzkoan. “Orduak guztion artean adostu ahal ditugu”, gaineratu dute.
Proposamena sare sozialen bidez (Facebook) zabaldu dute ikasleek eta pozik daude eduki duen oihartzunarekin. “11.000 ikustaldi eduki ditu gure proposamenak eta momentuz, 20 ikasle inguru autobusa alokatzearen alde agertu dira”. Proposamena interesatuz gero, ikasleek irailaren 30era arte izena eman ahalko dute. Horretarako, Facebooken duten Mutrikuko Inkilinuak izeneko kontura idatzi beharko dute.