Aurtengoa
17. lehiaketa izango da. Elkarteak jakitera eman duenez, lehiaketa hasi aurretik ere izena emateko aukera egongo da, betiko lez. Lehiaketan 4 urtetik 14 urtera arteko umeek parte hartu ahalko dute.
Ondarrutarrek ikastetxeetan izena eman ahal izan badute ere, inguruko herrietatik ere jende asko etortzen dela badakite Arrigorrikoek. “Horregatik, egunean bertan ere izena emateko aukera ematen diegu”.
Lehiaketa 15:00etan hasten denez, izena eman nahi dutenek 14:00ean frontoira agertu beharko dutela esan dute. Ordu horretan baita ere, parte hartzaile guztiei poltsa bat emango zaie. “Poltsan ogitartekoa, freskagarria eta arrantza egiteko behar duten zenbait material emango zaie”.
Iazko arrantza lehiaketako sari banaketa, frontoian. Argazkia: Zunbeltz Bedialauneta
Behin izena emanda eta nork bere poltsa jasotzen duenean, 15:00etan, txupinaren eztandagaz batera, kalejiran aterako dira guztiak. Eta kalejira amaitu orduko arrantza egiteko nork bere tokia hartuko du.
Araudia
Lehiaketak baina, arauak ditu, eta horiek frontoian irakurgai egongo direla azaldu dute. “Han irakurri ahalko dituzte zeintzuk diren baldintzak”.
Arau horien artean daude ondokoak ere:
Arrantza eremua portutik Zubi Zaharreraino mugatuko da,
ezingo da lazunik arrantzatu eta
arrantza amuagaz egin behar da. Arrainen tamaina ere kontuan hartu behar dela diote: “
Zazpi zentimetro baino gutxiagoko arrainek ez dute balioko”.
Lehiaketari hasiera ematen zaion modu berean emango zaio amaiera ere. Alegia, txupinagaz. “17:30ean bigarren txupina entzungo dute parte hartzaileek. Horrek gauzak jaso eta berriro frontoira joan behar dutela esan nahi du”.
Behin parte hartzaile guztiak frontoian batzen direnean, sariak banatuko dituzte Arrigorri elkartekoek.
Herritarrak, iazko arrantza lehiaketan parte hartzen. Argazkia: Zunbeltz Bedialauneta
Sari asko egongo direla azaldu dute. “Zortzi edo bederatzi sari banatuko ditugu. Baina parte hartzaile guztiek jasoko dute zer edo zer”.
Lehiaketaren filosofia
Arrantza lehiaketa umeena dela azaldu dute elkarteko kideek. “Gure helburua umeei arrantza egiteko ohitura barneratzea eta nola ez, arrantza egiten irakastea da. Asmo horri jarraituz hasi ginen lehiaketa antolatzen”. Horrela ba, izena ematen duten umeen senideei umeei arrantza egiten lagatzeko eskatu nahi izan diete. “Nagusien arteko lehiakortasunak albo batera utziz, arrantza egin dezatela umeek, lehiaketa haientzako da eta”.
Modu berean, zenbaitek lehiaketari
egindako kritikak ere umoretsu hartu dituzte elkartekoek. “Lehiaketak ez dauka inolako asmo txarrik”.
Azken urteetan umeen arrantza lehiaketak arrakasta handia eduki duela-eta pozik daude Arrigorriko kideak. “Pozgarria da lehiaketak horrelako oihartzuna edukitzea”. 2014an 433 umek parte hartu zuten eta 2013an 459 izan ziren kainabera hartu eta moilan jarri zirenak.