Lekeition intoxikatuta hil zen umearen aita atxilotu du Ertzaintzak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ikerketaren emaitzak izan dira aita atxilotzeko arrazoiak. Intoxikatuta hil zen 13 urteko ume lekeitiarraren aita Bilbon atxilotu du gaur [urriak 13] Ertzaintzak. Atxilotua Bilbon bizi zen eta Ertzaintza haren etxebizitzara joan da.
Ebidentziak aztertu ostean eta frogak kontuan hartuta, Gernikako epaitegiak aita atxilotzeko agindua eman du. Gernikako epaitegia izan da, hain zuzen ere, ikerketaren jarraipena egin duena.
Ekainaren 26a zen [barikua] Lekeitioko 13 urteko bi anaia bikiak intoxikatu zirenean. Biak ospitalera eroan zituzten eta egun batzuk beranduago bat hil egin zen. Ertzaintza intoxikazioaren iturria ikertzen hasi zen eta hasiera baten aita atxilotu zuten. Ordu batzuetara, aita, 38 urteko gizonezkoa, aske geratu zen.
Komunikabide ezberdinek jakitera eman zutenez, bi anaiak aldi berean gaixotu ziren ekainaren 26an, Lekeitioko leku ezberdinetan egonda, eta artatu zituzten medikuek uste izan zuten produktu toxikoren bat edo txarto zegoen zerbait jan zutela.
Bi anaiak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman zituzten helikopteroz, baina horietako bat uztailaren 1ean hil zen.
Ikerketa Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak burutu du, Ondarroako ertzain etxeko ertzainen laguntzagaz.