Zehatz esateko aurten, perretxiko jardunaldiek bi ekintza bilduko dituzte: biharko hitzaldia eta datorren asteko domekan egingo den perretxiko erakusketa.
Hitzaldia 18:00etan hasiko da
urriaren 17an [zapatua], Gazte Gunean. «Roberto Martinez irakasleak eskainiko du hitzaldia eta perretxikoen mundua azalduko du. Guk, elkarteko kideok, perretxiko batzuk eramango ditugu eta berak, diapositiben bidez, perretxiko horiek zeintzuk diren azalduko die herritarrei». Hitzaldia 12 urtetiko gorako herritarrei zuzenduta egongo dela aurreratu dute elkarteko kideek.
Perretxikoak jasotzeko deia
Behin biharkoa eginda,
datorren aste osoan elkarteko kideak
perretxikoak batzen ibiliko dira. «Aste osoan batuko ditugu eta gero horiek dira erakusketan ikusgai jarriko ditugunak», azaldu dute Aittitta Txikiko kideek.
Dena dela,
herritarrei ere perretxikoak jasotzeko eta eramateko deia egin diete. «Herritarrei dei egiten diegu mendira joateko eta perretxikoak jasotzeko. Eta biltzen dutena urriaren 24an, zapatua, 13:00etatik aurrera, Nautikara edo Barandiaran aretora eramateko eskatzen diegu. Gero, guk, ekartzen duten perretxikoak sailkatu egingo ditugu eta hurrengo egunean erakusketan ikusgai egongo dira».
Herritarrei biltzen dituzten perretxikoak, ahal izanez gero, sustrai eta guzti, urriaren 24an Barandiaran aretora edo Nautikara eramateko eskatu diete Aittitta Txikiko kideek
Perretxikoak biltzerakoan, elkarteko kideek ahalik eta ondoen hartzeko eskaera egin nahi izan diete herritarrei. «Ahal bada, labanagaz moztu gabe ekar ditzatela, sustrai eta guzti».
Perretxikoen erakusketa hori
urriaren 25an, 11:00etan, zabalduko da,
Barandiaran aretoan. Eta 14:00ak bitartean, herritarrek erakusketa ikusi ahalko dute.
Ekintza horiek prestatuta, Aittitta Txikiko kideek
herritarrei ekintzetan parte hartzeko deia egin nahi izan diete. «Herritarrei animatzeko esan nahi diegu; biharko hitzaldian parte hartzeko, datorren astean perretxikoak hartzera joateko eta gero erakusketa ikustera etortzeko deia egiten diegu».