Aurtengoa 29. ibilaldia izango da eta beste behin ere, Mutrikuko Burumendi mendizale elkarteak Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean antolatu du ekintza.
Parte hartzaileak 08:00etan hasiko dute martxa, Goiko Plazatik, eta ondoko ibilbidea egingo dute: Goiko Plaza-Samikolla-Santa Elena-Galdona-Pikope-Santa Kurutz-Tontorramendi -Doistu goikoa-Doistu bekoa-San Jeronimo-Alikante-Elorreta-Samikolla-Mutrikuko portua (moila).
27. Helduen Ibilaldia, 2013an, Mutrikun
Izen ematea
Aurretiaz izena emateko epea martitzenean amaitu zen. Eta ordura arte izena emanda zuten mendizale federatuek doan egingo dute ibilbidea. “Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da. Orduan izena ematen dutenek, baina, 5 euro ordaindu beharko dute”. Horiek, 07:30etik aurrera izena eman ahalko dute, Goiko Plazan.
Guztira 14,5 kilometroko ibilbidea izango dela esan dute Burumendiko ordezkariek. “Ibilbidea lasai egitekoa da, eta lau ordu eta erdian egin ahalko da”.
Beste alde batetik, hamaiketakoa Mijoa industrialdean egingo dutela jakitera eman dute. “Parte hartzaileek 11:00etan jan ahalko dute hamaiketakoa, Mijoan”.
Ibilaldiaren amaiera
Ibilaldia Mutrikuko moilan amaituko dute mendizaleek, 12:30ak inguruan. Eta ostean, 14:30ean, bazkaria egingo da, Arkugain elkartean. “Dutxatzeko aukera ere egongo da; dutxak arraun elkartearen lokalean egongo dira, moilan bertan”.
Momentuz, 82 mendizalek eman dute izena. Beraz, horiek dira bazkarian parte hartuko dutenak. Izan ere, bazkarian parte hartzeko ezinbestekoa zen aurretiaz izena emanda egotea. “Gure aurreikuspenen arabera, ibilbidea 180 pertsonek egingo dute”.