Amuak literatur jaialdiak ekintza literarioz beteko du Ondarroa datorren asteburuan. Urte osoan literatura ardatz duten ekintzak egiten badira ere, duela lau urte, Ondarroako Udalak ekintza horiek guztiak egitasmo bakar baten biltzea erabaki zuen. Urtetik urtera gero eta indar gehiago hartzen ari den egitasmoa dela diote udal ordezkariek: “oihartzuna handitzen doa”. Aurtengo programak adin guztientzako ekintzak biltzen dituela azpimarratu dute.
Gutxinaka-gutxinaka gero eta ekintza gehiago hartzen ari den egitasmoa dela dio Eneritz Basurko Ondarroako Udaleko euskara zinegotziak. «Indarra hartzen doan egitasmoa da. Eta gure nahia da aurrera jarraitzea».
Ezkerretik eskumara, Maite Rey, Nazaret Froufe, Xabier Mendiguren eta Eneritz Basurko, ‘Amuak’ egitasmoa aurkezten, Ondarroan.
Aurretik egindako egitasmoetan herritarrek “ondo” erantzun izan dutela diote udal ordezkariek. “Orokorrean, jendeak ondo erantzuten du”, dio Maite Rey Ondarroako Udaleko euskara teknikariak.
Egitasmoaren aurkezpenean, Rey eta Basurkogaz batera, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko idazlea eta editorea eta Nazaret Froufe Lauka Teatroa taldeko kidea izan ziren. Azken horrek, hain justu, Mendigurenek urteak atzera idatzitako Amodioaren ziega testuan oinarritutako antzezlana taularatuko du zapatuan.
Urte asko dira
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai Nobela Saria elkarlanean antolatzen dutena. Eta elkarlan horren lekuko da Xabier Mendiguren Elkarreko zuzendaria. “Duela bost urte edo formatua aldatu egin genuen. Nobela proiektuak saritzeko beka sortu genuen. Horrekin, idazleari urtebeteko epea ematen zaio lana amaitzeko. Aurten, esaterako, iazko irabazle Jasone Osororen liburua aurkeztuko dugu 12etan bermuta. Bestetik, aurtengo irabazlea nor den ere ezagutara emango dugu. Azken horrek urtebeteko epea edukiko du liburua idazteko”.
Zehatz esateko, 2010ean hartu zuen sariketak beka formatua. Eta ordutik,
ondoko idazleek jaso dute
saria: Joxean Agirre, Itsaso Arake, Garbiñe Ubeda, Garazi Kamio eta Jasone Osoro.
‘Amodioaren ziega’: istorio polita bezain gordina
Nazaret Froufe Lauka Teatroa taldeko kidea da eta Amodioaren ziega antzezlana plazaratuko du bere taldekideekin batera zapatuan. “Gu oso pozik gaude Ondarroan izatearekin. 2013an Aulestin egiten diren antzerki topaketetan sortutako antzerki talde gazte bat gara”.
Urki Muguruzagaz elkartu ziren
Artedramak Aulestin egiten dituen topaketetan. “Ikastaroan testu batzuk landu genituen. Horien artean Xabier Mendigurenen Amodioaren ziegak (12 urte atzerago idatzitako testua). Agirrek esan zigun testua antzezlanera eramateko. Urte oso bat egin genuen proiektua prestatzen eta Zubi deialdira aurkeztu genuen”. Horretan bigarren edizioko irabazleak izan ziren iaz eta sariketa horrek bultzada eman ziela diote. “Zortzi emanaldigaz hasi ginen eta guretzako bidaia zoragarria izan zen. Ordutik, emanaldi asko egin ditugu eta Ondarroara etortzeko gogoa geneukan, herria ezagutzen dugulako eta hemengo interesak badakizkigulako zeintzuk diren”. Abuztuan etortzeko gonbidapena jaso zuten baina atzera bota ziren, arrazoi batzuk tarteko. Baina Ondarroara etorri egin behar zirela argi zuten. “Amuak egitasmoan parte hartzeko gonbidapena jaso genuenean baiezkoa eman genuen”.
Rey, Frofe, Mendiguren eta Basurko, kartelekin.
Amodioaren ziega antzezlanak istorio polita kontatzen duela diote. “Guk testua eguneratu egin badugu ere, oso testu humanoa dauka. Istorio gordina da, egoera gordinean oinarrituta, baina aldi berean, elegantea da”, dio Froufek. Orain arte eskainitako emanaldietan publikoak ondo erantzun izan duela dio. “Horrelako bizipenak bizi izan dutenek ondo hartu dute eta bizi izan ez dutenek ere bai. Guretzako amets bat izan da hau guztia”.
Ander Lipusek ere badauka bere tartea obran. Izan ere, taula zuzendaritza berak egin du. Eta aktoreekin batera parte hartu du Xabier Mendigurenek ere. “Elkarlana egon da”.
Mendigurenek izugarriko pozarekin hartu zuen bere testua taula gainera eramateko proposamena. “Norberak idatzitako testua taula gainean ikustea ikaragarria da. Obra dramatikoa da, baina umore puntua ere badauka. Sentimenduez hitz egiten da, baina ez da sentimentalegia. Jendeak negar egiten du, baina barre ere bai”. Mendigurenek berak ere emozionatu egin zela aitortu du.
‘Amodioaren ziega’ antzezlaneko irudia.
Orain, obra bateko eta besteko taula gainera eramateko prest daudela diote Lauka Teatroako kideek. “2016an ahalik eta leku gehienetara ailegatu nahi dugu. Izan ere, istorio hau orain arte ez da kontatu. Amodiozko istorio bat da, baina alde bien errealitatea da azaleratzen dena”.
Obran bi pertsonaia agertzen badira ere, lau aktorek parte hartzen dute. “Aktore batzuen pertsonaiak errealitatean oinarritzen dira, eta beste batzuk, aldiz, subkontzientean”.
Beste ekintza asko
Baina Amuak egitasmoak beste ekintza asko eta asko daude. “Hileko azken zapatuetan, Joxemari Urteagak ondo-ondo zuzentzen duen Liburuen Amuak ekintzan, edonork parte hartu ahal du. Bakarrik liburu bat irakurri behar dute”, dio Reyk.
Ekintza hori urriaren 31n egingo da, baina azaroan ere egingo da, azken zapatuan. “Abenduan oporrak hartuko ditu taldeak eta urtarriletik aurrera berriro ere hasiko da”.
Basurkok ere
Amuak egitasmoa
Ondarroara etortzeko aukera paregabea dela dio. “Adin guztientzako eta gusto guztientzako ekintzak daude; badago zer ikusi”.
EGITARAUA