Urtza Alkorta preso politiko ondarrutarra azaroaren 14an geratuko da aske

Ondarrutarrek bost egunez herri harresia egin ostean, Alkorta 2013ko maiatzaren 15ean atxilo eraman zuten ertzainek. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra bete ostean, azaroaren 14an aske geratuko da ondarrutarra.
Urtza Alkorta, 2013ko maiatzaren 10ean Alamedara agertu zen momentua.

Urtza Alkorta, 2013ko maiatzaren 10ean Alamedara agertu zen momentua.

2013ko maiatzean bizitakoa Espetxeratze agindua zeukan Alkortak. Baina kartzelak hustutzeko garaia zela aldarrikatuz, bere bila joan beharko zirela esan zuen ondarrutarrak. Eta herritarrek, Alkorta babesteko herri harresia eratzea erabaki zuten. 2013ko maiatzaren 10a zen. Hainbat egunetan desagertuta egon eta gero, Alkorta Ondarroako Alamedara agertu zen. Han, herritarren babesa jaso zuen. “Babes handia topatu dut”, esan zuen Alkortak HITZAri eskaini zion elkarrizketan. Aske Guneak bost egun iraun zituen. Eta haren parte izan zirenek inoiz ahaztuko ez dituen egunak izan ziren. Maiatzaren 15ean, baina, Aske Gunea azkenera ailegatu zen. Ertzainek 08:00etan ekin zioten harresia apurtzeari, eta 10:00ak iguruan atxilo eraman zuten Alkorta. Erlantz Alkorta Urtza Alkortaren anaiak une latzak izan zirela esan zuen herri harresiaren lehenengo urteurrenean HITZAri eskainitako elkarrizketan.