EH Bilduk eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek Antxustegi atunontzi ondarrutarraren inguruan berba egin du gaur [urriak 30] Gasteizko Legebiltzarrean. Uriartek Antxustegi ez dutela Bilboko Euskalduna zubipera eramango esan du. Haren esanetan, atzo bertan, atunontzi ondarrutarra lehen zegoen lekura eramatea “ezinezkoa” izango dela jakitera eman zuen Bilboko Udalak. Uriartek kokapen berri baten bila hasiko direla gaineratu du.
Dena dela, adituek egindako txostenaren arabera, Antxustegi berriro ere Euskalduna zubipera eraman behar zela mahairatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek. Estitxu Breñas EH Bilduren legebiltzarkidearentzat “erakundeek adierazi duten utzikeriaren beste adibide bat baino ez da izan” gaurko iragarpena. “Erakundeak, Jaurlaritzak barne, hondatzen uzten ari dira gure ondare kultural eta historikoa den Antxustegi. Orain arte erakutsi duten utzikeriaren ondorioz kontserbazio egoera larrian dago atunontzia. Premiazkoa da ahalik eta arinen kokaleku egoki batera eramatea”.
Koalizioko kidearen esanetan, Antxustegi ez da itsasontzi soil bat; “denon ardura den euskal ondarearen historia da, eta bere berreskurapenak eredu izan beharko luke”.
Antxustegitarrak ere Legebiltzarrean izan dira eta epaitegietara joko dutela esan dute. “Oso balorazio ezkorra egiten dugu. Amore eman dutela iruditu zaigu. Eta erakundeen artean nolabaiteko konplizitatea ikusi dugu. Aurrera begira, justiziaren bidea hartuko dugu eta Bruselara ere joko dugu”.
Egoera horren aurrean, gai hau konpondu bitartean, temati jardungo duela jakitera eman du EH Bilduk
Irailaren hasieran Uriartek Antxustegi konpontzeko konpromisoa hartu zuen, “bere balio historiko eta kulturalagatik” .
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.