Markina-Xemeingo Parekidetasun Batzordeak hiru saio egingo ditu, astelehenean hasita
Duela bi urte, Markina-Xemeingo Parekidetasun Batzordeak jaietan berdintasuna izeneko prozesua abiarazi zuen. “Lehen fasea amaituta, orain, prozesu horren jarraipena egingo da”, gaineratu dute. Guztira, hiru saio egitea aurreikusi dute. Eta lehenengoa astelehena [azaroak 2] izango da, 18:30etik 20:30era, udaletxean.
Lehenengo saio horretan herriko eragileek jaien inguruko azterketa egingo dute. Bigarren saioan udaleko politikariek proposamenak aztertuko dituzte, eta hirugarrenean eragileekin aldaketarako konpromisoak hartuko dira.
Saioetan herritarrek parte hartzea “ezinbestekoa” dela esan dute udal ordezkariek. “Saioetan parte hartu nahi dutenek whatsapp bidez (689 992 766) edo posta elektronikoz (parekidetasuna@markina-xemein.com) izena eman beharko dute”.
Soinu ekipoa erabiltzeko ikastaroa
Horrez gain, soinu teknikari lanetan emakume zein gizonezkoek parte hartzea ere adostu zuten. “Udaletxean soinu ekipo berria dagoenez, hori erabiltzen ikasteko bi orduko saioak emango dira”. Saio horiek, hain zuzen ere, herritarrentzat izango dira. “Ikastaro hori eginda duten pertsonek erabili ahalko dute ekipoa; gainerakoek lehengo soinu ekipoa erabili ahalko dute”.
Ikastaroa bakarka zein taldeka egin ahal dela diote. “Beraientzat egokiena den ordutegia eta eguna adierazi beharko dute eta ikastaroa horren arabera egingo da. Parte hartu nahi dutenek goian esandako telefono zenbakira deitu edo helbide elektronikora idatzi beharko dute”.