Usotegi Egunak ekoizleen errealitatea ezagutara eman du

Lekitto Bedarrak antolatuta, Usotegi Eguna ospatu zuten zapatuan Lekeition. Eguraldi onagaz, jaian parte hartu zutenak eta antolatzaileak gustura geratu ziren egunak emandakoagaz. Denaren gainetik, jaiagaz, eskualdeko ekoizleen errealitatea ezagutara e...

Lekitto Bedarrak antolatuta, Usotegi Eguna ospatu zuten zapatuan Lekeition. Eguraldi onagaz, jaian parte hartu zutenak eta antolatzaileak gustura geratu ziren egunak emandakoagaz. Denaren gainetik, jaiagaz, eskualdeko ekoizleen errealitatea ezagutara eman zuten Lekitto Bedarrekoek.

Arropaineko Antonek eta Aulestiko Mitxelek ortuariak saltzen zituzten bitartean, Markina-Xemeingo Larruz gazta egileak (Muniozguren anaiak) ahuntz gazta saldu zuten.

Ostean, Usotegiko horma eta Antzar Egunean apurtutako horma irudia konpontzeaz gain, Esperantza iturria auzolanean garbitu zuten jaian parte hartu zutenek.

Eztabaida izan zen hurrengo hitzordua. Baserrtitik bizi leike? izenburupean, Muniozguren anaiek euren errealitatea kontatu zuten. «Mitxel aulestiarrak eta Lekeitioko berdura plazan egoten den Anton Urzelaik ere euren ekarpenak egin zituzten».

Eztabaida «bizi-bizia» izan zela esan dute Lekitto Bedarrekoek. «Hainbat ideia berri mahairatu ziren herritarrek bertokoa, sasoikoa eta herrikoa kontsumitzeko».

Lehiaketetako irabazleak

Lehiaketei dagokienez, aitzur jaurtiketan hamar lagunek parte hartu zuten eta horien artean Kristian Aranzamendi izan zen onena (20,59 metrora arte bota zuen aitzurra).

Pisu asmakizunean, Agurtzane Gojenola eta Fernando Intxausti izan ziren irabazleak. «Sari bikainak eman genituen Ugarteburu elektrotresnak eta Iñigo harategiaren laguntzari esker», diote Lekitto Bedarrekoek.