Azaroaren 25eko ekintzak aldarrikapenez beteta egin dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Gainerako herrietan ere iluntzean egin dituzte elkarretaratzeak. Baina eskoletako ikasle eta irakasleek ere beste hainbat ekintza egin dituzte. Guztiek, baina, Ez ikusiarena ez egin leloa erabili dute. Lekeitioko Eskola Publikoan, esaterako (ikus argazkia behean), 1000 pertsona inguru batu dira eskolako frontoian, edozein indarkeriaren aurka daudela adierazteko. Batxilergoko ikasleek prestatutako ekitaldia amaitu ondoren geletara itzuli dira.
Ekintza hori egiteaz gain, lanean aritu izan dira azken asteetan, kartelak, hormairudiak eta eskulan desberdinak eginez. Bide batez emakume desberdinen inguruko gaien irakurketak, bideo-azterketak eta lanak ere egin dituzte, nork bere ikasgelan. Eta lekeitiarrek egin modura, gainerako herrietako ikastetxeetan eta berdin-berdin egin dute.
Bekobentako Markina BHIn ere ekintza ikusgarria antolatu dute, “Puntu Lila” izeneko jarduera burutuz. Bertoko ikasleek puntu lila erraldoian emakumeen aurkarko indarkeria salatzen duten mezuak idatzi dituzte. Bestalde, hezitzaile, guraso eta herritarrez bete zen atzo arratsaldean Markina-Xemeingo Uhagoneko batzargela. Galtzagorri elkartearen eskutik generoaren ikuspegia landu zuten haur eta gazte literaturan. Horrez gain, Parekidetasunaren Batzordeak eta Herri Bibliotekak antolatuta, hezkidetza lantzeko egokiak diren liburuak gomendatzen dituzten liburu puntuak banatu zituzten. GUTUNAK: